Haizea BARCENILLA Arte komisarioa
Deus le volt
Urtarrilaren 9an Bilboko RAG eraikina eraisten bukatu zuten. Gau hartan, amesgaizto bat izan nuen.
Nire ametsean Azkuna alkateak Bilboko Zalditeria Ordena guztiak Begoñako Ama Birjinaren atarian elkartu zituen, Erdi Aroan gurutzadetara deitzeko bezala, baina oraingoan industrializazioaren heresiaren kontrako borroka aldarrikatzeko. Kontsumo-Modernotasunaren Eliza nazkatuta omen zegoen aurreko erritu paganoen izpiritua begi aurrean izateaz. Bekatuaren aztarnak desagerraraziko zituen edonori purgatorioko ehun urte arinduko zizkiola esan zuen, Athleticek egunero Champions League irabazten duen zerura sarrera ziurtatuz. Zahahadid Deunaren babesean jartzen zituen, egin beharreko lan gogorrean lagun zitzan.
Bisoizko berokiz eta Giorgio Armaniren trajez jantzitako hordek garrasi pasionatuei ekin zieten, eta akabatzeko biktimen bila hasi ziren. Haien eskuetan suntsitzen ziren eraikin arrazionalistak, altzairu fabrikak; eta segituan, bankari bat zetorren, orubean, aurri artean, bere etxearen ikurrina iltzatu, eta lur hori luxuzko etxebizitzen eraikuntzaren bidez santifikatuko zuela aldarrikatuz. Geratzen ziren langile apurrak beren familiak besoetan hartuta alde egiten saiatzen ziren; eta baten bat ausartzen bazen trajedun bati «baina zure aitak Altos Hornosen lan egin zuen» esatera, hira suntsitzailea izan zitekeen.
Azkenik, aurrien arrastoak Udaletxera eraman eta fede-aitorpena hasi zen. Tupustean esnatu aurreko azken irudian, borreroa sua prestatzen ari zen, eta Corte Ingles Ordenako gizonak «BILBON EZ DA INOIZ INDUSTRIARIK IZAN» zioen pankarta zintzilikatzen ari ziren hiriaren sarreran.