Irungo eta Hondarribiko alarde mistoak saritu ditu Emakundek
2011ko Berdintasunerako Emakunde Saria Hondarribiko eta Irungo alarde mistoek jaso dute. Jaietan eta herrietako ospakizunetan emakumeek berdintasunean parte hartzeko duten eskubidearen alde egindako lana nabarmendu du epaimahaiak.
A.ABARIZKETA | DONOSTIA
Herrietako ospakizunetan emakumeek berdintasunean parte hartzeko eskubidearen alde eginiko lana balioetsi du Emakumearen Euskal Erakundeak Irungo eta Hondarribiko alarde mistoei 2011ko Berdintasunerako Emakunde Saria emanda. Era berean, «2006an hasitako borroka honetan zailtasun askori» aurre egin behar izan dietela ere aipatu du epaimahaiak. Bi alardeek 14.400 euro jasoko dituzte.
Ohar baten bidez, Irungo San Marcial Alarde parekideak eta Hondarribiko Jaizkibel konpainiak emakumeek eta gizonek jaietan parte hartzeko aukera berdinak izan ditzaten «beti bide baketsuak» erabili dituztela nabarmendu dute, «nahiz eta zailtasun askori aurre egin behar izan dieten».
Horrez gain diotenez, haien ekintzek «argi» uzten dute «zelako garrantzia duten erritual eta sinboloek emakume eta gizonen sozializazio prozesuan», eta hala, «emakume eta gizonen arteko berdintasuna bermatzeko eta emakumeen kontrako indarkeria ekiditeko» hauen esku-hartzea beharrezkoa da.
Alardeek antropologia eta giza zientzietan eta beste arloetan hainbat ikerketa, lan eta araudiren sorrera bultzatu dutela diote, genero berdintasunaren aldeko beste ekimen batzuentzat ere lagungarri izan delarik.
Maria Silvestre Emakundeko zuzendariaren esanetan, «Konstituzioak, Estatutuak eta legeak hala aginduta, erakunde publikoek oztopoak gainditu eta beharrezkoak diren neurriak bultzatzeko obligazioa dute emakumeek ospakizun honetan parte hartu ahal izan dezaten gizonek dituzten baldintza berberetan».
Erreakzioak
Sariaren berri izanda, «oso pozik» daudela adierazi dute Jaizkibel konpainiako kideek, baina argitu dutenez, oraindik ez dira elkartu, eta astelehenean plazaratuko dute balorazio osoagoa.
Irungo Bilgune Feministako kide Miren Lantzek GARAri azaldu dionez, saria ematea «oso ondo» dagoen arren, bai Emakundek baita beste instituzio publikoek ere oraindik askoz gehiago egin dezakete. «Alarde mistoa finantzatu dute, baina lan gehiago egin daiteke». Gatazkaren erroetara jotzea beharrezkotzat jo du, Irungo eta Hondarribiko alardeetan gertatu dena konpondu ahal izateko. Herriko Bilgune Feministak lau urte darama alardearen ingurukoak lantzen eta konponbidearen aldeko manifestu bat ere osatu dute.
Alternatibako bozeramaile Ana Etxartek pozik hartu zuen alarde mistoak saritu izana, baina esan zuen emakumeen lana «erakundeetatik babestu eta kalean aitortu behar» dela.