GARA > Idatzia > Ekonomia

Baionan amonio nitratoa sartzeko asmoan atzera egiteko eskatu diete alkateek prefetei

p029_f02.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Jean Grenet Baionako auzapez eta Euskal Kosta-Aturri herri elkargoko buruak, Jean Espilondo Angeluko auzapezak, Mari Jose Espiaube Bokalekoak eta Jean-Marc Lespade Tarnoseko alkateak agerraldia egin zuten atzo, Baionako portutik amonio nitratoa garraiatzeko Yara enpresari eman zaion baimenarekin ezadostasuna adierazteko.

Landetako eta Pirinio Atlantikoko prefetek, azaroan eta abenduan dekretuak kaleratu zituzten garraio hori baimenduz. Auzapezek erabaki horretaz aurretik deus jakin ez izana salatu zuten atzo, eta beraiekiko erakutsitako axolagabekeria onartezina dela nabarmendu zuten.

Martxoaren 5ean hasiko dira trenak amonio nitratoa garraiatzen. Tarte horretan Baionako portua inguratzen duten lau herriek bateraturik idatzi bat igorriko diete bi prefetei, asmo horretan gibelera egin dezaten dei eginez.

«Ez dugu prefeten erabakia onartzen eta txostena berraztertu dezatela eskatzen diegu gutun horretan», azaldu zuen Grenetek. Horri baiezkoarekin erantzuten ez badiote, administrazio epaitegian helegitea jartzeko prest daudela esan zuten.

Auzapezek bideraturiko protesta ekintzak, halere, ez dira juridikoki aski martxoan hasiko den garraioa geldiarazteko. «Espero dugu prefetek gure eskaerari erantzungo dietela, eta ez dugula prozedura judiziala abiatzeko beharrik izango. Halere, ingurumen arloan aditua den abokatu kabinete batekin harremanetan jarri gara», zehaztu zuten alkateek.

Ezegokiak, forma eta edukia

Yararen afera hori bideratzeko Estatu zerbitzuek baliaturiko forma eta edukia ezegokitzat jotzen dituzte Lau auzapezek. Formaren aldetik, horren berri prentsaren bidez izan zutela gogorarazi zuten. «Ondotik Suprefeturan bilkura bat eskatu genuen, produktu arriskutsuak zirela-eta, gure beldur eta ezadostasunak adierazteko. Afera horretan hautetsien kargua ez da errespetatua izan», nabarmendu zuten.

Edukiari dagokionez, amonio nitratoarekin trenez zeharkatuko diren Baionako auzo gehienak hiriguneak direnez, ezbeharrak izateko arriskuak daudela gogoratu zuten auzapezek. Okzitaniako Tolosa herrian 2001eko azaroaren 21ean izandako istripua jarri zuten adibidetzat (AZF delakoa).

Bestalde, Baionako portuan bertan hidrokarburoak eta gisako substantziak badira, eta horiek amonio nitratoari hurbildu ezineko produktuak dira.

«Erronka ekonomikoa txiki geratzen da dauden arrisku guztiak kontuan hartzen direlarik. Enpresak 300.000 euro inguru baizik ez ditu irabaziko amonio nitratoa Baionatik garraiatuz», gehitu zuen Grenetek. Baionako portuaren etorkizuna eta garapenari buruzko benetako hausnarketa egiteko beharra goraipatu zuten auzapezek azkenik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo