GARA > Idatzia > Kultura

Loquillok disko berria aurkeztuko du zuzenean bihar, Bilboko Arriagan

GARA | BILBO

«Su nombre era el de todas las mujeres» bere lanik berriena aurkeztera etorriko da Bilbora Loquillo kantari kataluniarra. Bihar emango du kontzertua, 20.00etatik aurrera, Arriaga Antzokian, «A solas» biraren barruan. Sei musikarik lagunduko diote.

Antzokiko arduradunek adierazi dutenez, musikan bere ibilbidea hasi zuenetik 30 urte igaro direnean, heldutasuna eta sosegua lortuta, Loquillo Estatu mailako rock musikari handienetako bat bihurtu da, mito sendo eta biribilenetakoa.

Musikaren munduan 30 urte daramala ospatzeko egiten ari den biraren lehenengo zatiaren amaierarekin batera, proiektu diskografiko berria argitaratu du Loquillok. Diskoa urriaren 4an kaleratu zuen, eta estudioan grabatu duen lehenengoa da 2008an «Balmoral» argitaratu zuenetik. «Su nombre era el de todas las mujeres» izenburuko disko berriarekin, artista katalana «rocka eta poesia espazio emankor eta beharrezko bezala aldarrikatzen dituen lurraldera itzuli da».

Eremu horretara «La vida por delante» diskoarekin sartu zen lehendabiziko aldiz, 1994an. Besteak beste, Neruda, Octavio Paz, Pedro Salinas eta Jaime Gil de Biedma poeten testuak kantatu zituen Loquillok lan horretan. Lau urte geroago, 1998an, «Con elegancia» argitaratu zuen, berriz ere poesian bete-betean sartutako diskoa.

Orain, 14 urte geroago, Loquillo lurralde horretara itzuli da, modu monografikoan, oraingoan Luis Alberto de Cuencarekin, «herrialde honetan bizirik dauden poeten artean goreneko batekin». Aurrekoan bezala, Loquillok Gabriel Sopeña konpositorearengana jo du disko-liburu formatuan ateratako lan berria itxuratzeko. Halaber, azpimarratzekoa da Jaime Stinusen lana, moldaketa eta grabazioan. Kontzertuan, aurreko ekitaldietan kantatu gabeko abesti batzuk entzun ahal izango ditu publikoak.