GARA > Idatzia > Kultura

L'Atabal, Jimmy jazz, Bilborock eta Bermeoko Kafe Antzokia aretoak sarean bildu dira

p049_f02.jpg

A.B. | BIARRITZ

Katalunian arrakasta duen eredua aintzat harturik sortu den Euskal Herriko Musika Etxe Sarearen berri eman zuten atzo Biarrizko L'Atabal aretoan. Lapurdiko areto horrekin batera, Gasteizko Jimmy Jazzek, Bilborockek eta Bermeoko Kafe Antzokiak osatzen dute sare berria. Atzo egindako agerraldian, egitasmoa bi urteko hausnarketa baten ondorioa dela nabarmendu zuten ordezkariek.

Areto guztiak arazo berdinen aitzinean daudela kontuan harturik elkartzea erabaki dutela azaldu zuen Amets Rodriguez Emankor sareko ordezkariak. Besteak beste, aretoetara gero eta jende gutxiago hurbiltzen dela aipatu zuen. Bateratze horrekin lau helburu landuko dituztela jakinarazi zuten: taldeentzako prestakuntza eskaintzea, sormena garatzea, erakustaldiak antolatzea eta musika hedatzea.

Hedapenari dagokionez, talde berriek sareko areto horietan azaltzeko aukera izango dute, eta horrez gain, Katalunian eta Akitanian ere bai. Ildo horretatik, Euskal Herriko hiru taldek Kataluniako hiru aretotan joko dute otsailetik goiti. Eta beste bi taldek sarea osatzen duten lau saletan bira bat egiteko aukera izango dute. Horrekin batera, musikaren merkatuan barnatzeko «tutoretza» lana ere eskainiko diete taldeei. Gaur egun, denera hirurehun bat taldek areto horietako entsegu gelak baliatzen dituztela zehaztu zuten.

Liburua eta erakusketa

Atzoko agerraldia baliatu zuten «Azaletatik sustraietara» liburuaren aurkezpena egiteko. Bertan, euskal musikaren berrogeita hamar urteko historia laburbiltzen da. Liburu horrekin batera, erakusketa ibiltari bat eta kontzertu bira antolatzeko asmoa dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo