GARA > Idatzia > Mundua

Egiptoko Legebiltzar berria eratu da islamistek gehiengoa dutela

Egiptoko Legebiltzarrak lehen saioa izan zuen atzo. Alderdi musulmanak dira gehiengoa, eserlekuen %71 inguru eskuratu baitituzte. Saioaren hasieran, legebiltzarkide adinekoenak, Mahmud al Saka-k, iraultzaren aldeko borrokalariak omendu zituen.

p019_f01_199x132.jpg

GARA | EL CAIRO

Egiptoko Beheko Ganberan lehenengo saioa izan zuten atzo. Kalean, herritar ugarik jarraitu zuten ekitaldi luzea, legebiltzarkideen konpromisoak, bereziki Junta Militarrarekin zer nolako harremana izango duten, jakiteko irrikaz. Islamista ugari bildu ziren Beheko Ganberaren gehiengoa beraien esku dagoela ospatzeko. Anaia Musulmanen Askatasuna eta Justizia talde politikoak eserlekuen %47 eskuratu zituen hauteskundeetan. Al-Nur alderdi salafistak, berriz, %24 lortu zituen.

Hain gehiengo zabala lortu izanak, nolabait ustekabez hartu zuten nazioartean; izan ere, Hosni Mubarak agintean egon zen bitartean, NDP Alderdi Nazional Demokratikoak gehiengoa zuen Legebiltzarraren bi ganberetan, Anaia Musulmanak ofizialki debekatuta baitzeuden, independente gisa aurkeztu arren.

Talde politikoko goi kargudun batek, Mohamed Beltagyk, nabarmendu zuenez, «demokraziarako trantsizioan eta lege zibilak indartzeko bidean saio historikoa» izan zen atzokoa. Egiptok duen erronka nagusietariko bat militarrekiko haustura da. Mubarakek lehendakaritza utzi zuenetik, agintean daude. Ekainean ospatuko diren presidentetzarako hauteskundeen ostean, boterea utziko duela agindu du Junta Militarrak, baina herritar askok ez dute sinesten halakorik gertatuko denik. Horiek agintean jarraitzeko asmoa dutelakoan daude eta militarrekin sekretupean hitzarmenak sinatu izana leporatzen diete askok Anaia Musulmanei.

Adierazpen horiek direla-eta, Anaia Musulmanen gidari Mohamed Badiek, Armada «errespetatu eta aintzat hartzen» duten arren, Junta Militarrak egin dituen hutsegiteak bere gain hartu behar dituela plazaratu zuen joan den astean. «Inork ezin dio ardurari ihes egin», helarazi zuen.

Legebiltzarkide adinekoenak, 81 urteko Mahmud al Saka-k hain zuzen ere, eman zion hasiera atzoko saioari. Iraultzaren aldeko borrokalariak omendu zituen eta «martirientzat errukia» eskatzeko zutik jartzeko esan zien legebiltzarkideei. «Eskerrak eman nahi dizkiegu Egiptoren alde euren arima arriskuan ipini zituzten guztiei», esan zuen. Jarraian, minutu bateko isilunea egin zuten.

Legebiltzarkideek (508) banan-banan egin zuten karguaren zina. Horietako bati, Mamduh Ismail abokatuari, errieta egin zion presidenteak bere juramentuan «Jainkoaren legea» errespetatuko duela esateagatik. Al-Sakak hori lekuz kanpo zegoela adierazi zion. Horri erantzunez, adostutako formulari «Jainkoaren legeari» zor zaion errespetua gehitzea besterik ez zuela nahi esan zuen Ismailek. Orain, lehentasunetako bat Beheko Ganberaren presidentea hautatzea izango dute orain. Askatasuna eta Justizia alderdiak dagoeneko Saad al-Katatni idazkari orokorra aurkeztu du hautagai.

agenda

Iraultzaren lehen urteurrena ospatuko dute bihar Egipton. Urtarrilaren 29an Senatua eratzeko hauteskundeak izango dira. Legebiltzarreko bi ganberak osatu ostean, Konstituzio berria idazteko batzordea izendatuko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo