GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Miñao auziko» batzordeak horrelako kasuak ez gertatzeko gomendio zehatzak eman ditu

Iaz Legebiltzarrak ikerketa batzorde bat sortu zuen «Miñao auziaren» ondorio politikoak argitzeko asmoz. Agirrezabalak batzordeak egindako lana jasotzen duen txostena aurkeztu zien atzo alderdiei. Bertan, influentzia-trafikoa egon zela nabarmentzen da.

Ion SALGADO | GASTEIZ

Martxoaren 22an edo 29an bozkatuko dute Gasteizko Legebiltzarra osatzen duten taldeek «Miñao auzia» ikertzen duen batzordeak egindako txostena. Egun hori iritsi baino lehen, batzordean parte hartu duten taldeek euren gomendioak aurkeztu ahal izango dituzte Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak idatzitako agiriaren inguruan.

Agirrezabalak berak atzo iragarri zuenez, batzordeak aurkeztu duen txostenak ondorio eta gomendio «zehatzak» biltzen ditu ustelkeria auziaren gainean. Agiriak biltzen dituen gomendioek horrelako auziak berriro ez gertatzea dute helburu.

Batzordearen presidenteak idatzitako txostenak «Miñao auziaren» lau adarrak argitzen dituela azaldu zuen politikari abertzaleak; alegia, Miñaoko Teknologi Parkean atzemandako irregulartasunak, aurreko legealdian Lakuako Kultur Saileko arduradunek sinatu zituzten kontratuen legaltasuna, Araban azaleratu den espioitza auzia eta Santurtzi udalerriko lurren salmenta. Txostenak azaltzen duenez, ikerketan influentzia-trafikoa egon zela nabarmentzen da.

Ondorio politikoa

Nahiz eta txostena sekretua izan, atzo Efek adierazitakoaren arabera, batzordea osatzen dutenek erantzukizun politikoak aurkitu dituzte «Miñao auziaren» lau adarretan.

Hain zuzen, Kultura Sailari dagokionez, legebiltzarkideek erantzukizun politikoak egotzi dizkiete EAJren Gobernuan sailburuorde izandako Gurutz Larrañagari eta Kultura Saileko zuzendari ohi Xabier Sanchez Roblesi. Teknologi Parkean atzemandako irregulartasunen ardura Alfonso Arriola parkeko zuzendari ohiari egotzi diote, eta espioitza auziaren erantzule Aitor Telleria jo dute.

68 orrialdeak

Agirrezabalak 68 orrialdeko txostena aurkeztu zuen atzo batzordearen aurrean. Agirian ondorioak, gomendioak eta batzordeak egindako ikerketak azaltzen dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo