GARA > Idatzia > Kultura

Otsailaren 5a kolore argiz margotuko dute Nahiari laguntzeko

Nahia de Cos gaixorik dago, eta sendatzea da bere nahia, baita otsailaren 5erako jaialdia antolatu duten lagunena ere. Kantua eta dantza uztartuko dira Victoria Eugeniako ekitaldi parte-hartzaile honetan.
p050_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

«Musu batekin egin daiteke/ ilargiraino ta buelta/ gure azalak ere sendatzen/ dira ferekaz fereka/ puzzle haundiak nola osatzen/ diren pusketaz pusketa/ otsailak 5a margo dezagun/ kolore argiz beteta/ guztiok irri egin dezagun/ Nahiak behar gaitu-eta». Halaxe kantatu zuen Beñat Gaztelumendik atzo «Gure Nahia, elkartasuna» jaialdia aurkezteko egindako agerraldi koloretsuan. Han izan ziren Nahiaren gurasoak, Gure Señeak eritasun arraroak dituzten haurrei eta familiei laguntzen dien Derioko elkartea, Porrotx, Marimotots, itsasoko abenturak kontatzen zituen Patakon pirata, eta anitzez lagun gehiago.

Irrien Lagunen Elkartasun Elkarteak eta Gure Señeak elkarteak prestatu dituzte Victoria Eugenian -16.30ean eta 18.30ean- izanen diren bi ekitaldiak, Donostiako Udalaren eta Donostia Kulturaren lankidetzarekin. Kultura, gizarte eta kirol arloko ordezkari ugarik egin dute bat 5 urteko neskatoari laguntzeko ekimenarekin, eta antzokian izanen dira, bertzeak bertze, Bera Bera errugbi taldea, Beñat Gaztelumendi (hau koplatan arituko da, otsailaren 5a Santa Ageda eguna baita), suhiltzaileak eta Bonberenea txaranga. Nerea Txapartegi Udaleko kideak denei eman zizkien eskerrak, baina bereziki Nahia txikiari, hainbertze jendek elkartasun keinu hau egitea lortzeagatik. «Herritarrak falta zarete orain. Batu zaitezte!», dei egin zuen.

Batten gaixotasuna dauka Nahiak, heriotzara daraman eta oraindik sendabiderik aurkitu ez dioten trastorno neurologikoa. Jaialdi honekin, Donostiako haur honi eta bere sendiari elkartasuna adierazteaz gain, bizi-kalitatea hobetzeko behar duen tratamendurako laguntza ekonomikoa ematea dute helburu. Ongi pasatuz eta euskaraz, elkartasuna zabalduko dute, Porrotxek erraten duen bezala, tristurak eta pozak partekatzen direnean goxoagoak direlako.

Aukera baten bila

Irrien Lagunen Elkartasun Taldearen xedea «herri osoari izaera bereziko gai sozialak azalaraztea da, hala nola gaixotasun berezi batzuen errealitatea islatzea, internazionalismoa bultzatzea, homosexualitatearen berri ematea..., horien guztien inguruan ume, gaztetxo zein pertsona oro sentsibilizatzea». Gure Señeak Derioko elkarteak, aldiz, «aukera baten bila» du lema. Luisma Landaluzek azaldu zuenez, «señeak» hitza etxeko kuttuna edo etxeko txikia adierazteko erabiltzen dute Txorierrin. Mila ekintza egiten dituzte gaixotasun arraroak dituzten umeek edo ezintasun egoera bereziak dituztenek bertze haurren aukera berak izan ditzaten. Herri mailako elkartea dira, baina Nahiaren kasuaren berri izan zutenean «ezinbestekoa» egin zitzaien laguntzea.

Neskato honen aitak eskerrak eman nahi izan zizkien denei, baita Nahiaren izenean ere, eta jendea kontzientziatzeko eta jaialdia ongi joateko itxaropena agertu zuen. «Egun horretan ibilbide bat hasiko dugu elkarrekin», gaineratu zuen Porrotxek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo