Top 14
Daukaten guztia ateratzeko garaia dute euskal taldeek
Biarritzek Castresen zelaian jokatuko du; eta Avironek, berriz, Touloni egin beharko dio aurre.
Jon LEUNDA
Avironek eta Biarritzek beren maila noraino iristen den neurtzeko aukera izango dute gaur jokatuko dituzten neurketetan. Zuri-gorriak Castresen zelaian arituko dira, eta zuri-urdinak, Toulonen, biak ere 14.15ean.
Biarritzek eman duen gorakada oso nabarmena izan da, edo hori da, behintzat, azkeneko partidetan erakutsi eta sumatu dena. Aspaldiko partez jaitsieratik kanpo dago, baina zuloan dagoen Avironekin puntuetan berdinduta dago, beraz, ezin esan kanpaiak jotzen hasteko moduan dagoenik
Laguisquetek zuzentzen dituen mutilek neurketa zaila izango dute Castresen zelaian. Frantziarrak sailkapeneko hirugarren postuan daude, eta bigarrenera heltzeko asmoarekin dabiltza. Finalerdietara zuzenean sailkatzeko, ordea, ez daukate batere erraz, bigarrenak hamar puntu kentzen baitizkio.
Horretarako garaipena behar du, eta hasieratik zelairatuko dira lau puntuen bila, baita entseguak egitera ere, aurrekoekin aldeak murrizteko puntu gehigarriak ere beharrezkoak baitira. Biarritzek, ordea, oso maila ona eman du. Taldea ongi dagoela, edozeinen parekoa da, eta azken partidetako jokoa egiten baldin badu, irabaztetik ere ez du oso aparte ibili behar.
Yachvili ongi dago, baita Ngwenya ere. Bi hauek ezinbestekoak dira talde zuri-gorrian. Orain Harinordoki falta da bere unerik onenera heltzeko. Hori lortuz gero, Biarritzek ez du kezkatzeko arrazoirik izango.
Avironek oraindik eta egoera larriagoa bizi du, jaitsieran sartu baita, eta denboraldiko hirugarren entrenatzailearekin ari da lanean. Pasa den astean Rovigori emandako astindua ez da aintzakotzat hartu behar, italiarrek ez baitute gaur aurrean izango duten taldearekin zerikusi handirik izango.
Toulon sailkapenean laugarren dago, Castresekin berdinduta, eta haien egoera berean. Beraz, gaurko partida bientzat izango da oso garrantzitsua. Avironek galtzen badu eta Lyonek irabazi, azkena geratuko da gaurko jardunaldiaren ostean; hori bai, zuri-urdinek irabazi, eta aurrekoek galtzen badute, Lapurdiko hiriburukoak jaitsierako postuetatik ihes egiteko moduan izango lirateke, eta hori da gaurko helburua.
Lapurdiko bi taldeak oso egoera larrian daude, eta zulotik irten ahal izateko, puntuak launaka batzen hasi beharra daukate, bai, behintzat, mailari eutsi ahal izateko.