GARA > Idatzia > Euskal Herria

Pasaiako portuaren txostenak alegazio gehiago jaso ditu

Pasaiako portuari buruzko txostenaren aurka Gipuzkoako Aldundiak aurkeztutako alegazioari, Eusko Alkartasunak, La Herrera Herrira batzordeak, Greenpeace eta WWF talde ekologistek jarritakoak gehitu behar zaizkio. Ohartarazi dutenez, bideragarritasun ekonomikorik ez du, eta ingurumenean eragin ditzakeen kalteak ere ez dira kontuan hartzen.

p019_f02.jpg

GARA |

Gaur amaitzen da Pasaiako Portuko Azpiegituren Plan Zuzendariaren eta honen Ingurumen Iraunkortasunaren Txostenaren aurkako alegazioak aurkezteko epea. Aste honetan bertan, Gipuzkoako Aldundiak plana bertan behera uzteko eskatu eta alegazioa aurkeztu zuela esan zuenetik, erreakzioak bata bestearen atzetik iritsi dira. Erreakzio politikoez gain, Greenpeace, WWF eta La Herrera Herrira Pasaiako herri batzordeak ere alegazioak aurkeztu dituzte. Izan ere, Portu Agintaritzaren txostenak badia eraberritzeko kanpoko kaiaren eraikuntza «aukerarik onena» dela defendatzen du.

Pasa den asteartean Gipuzkoako Aldundiko Ingurumen eta Lurralde Antolaketako diputatu Juan Carlos Alduntzinek eta Larraitz Ugarte bozeramaileak egindako prentsaurrekoan eman zuten diputatuen kontseiluan erabakitakoaren berri. Bilera horretan onartu zuten 40 orriko alegazio txostena, Aldundiko zerbitzu teknikoek landua, Ingurumen Iraunkortasunaren Txostenaren aurka aurkezteko.

Alduntzinek adierazi zuenez, Ingurumen Iraunkortasunaren Txostenak «metodologia akats larriak» ditu, beste aukerak ez direlako berdin baloratu. «Ez diote kasurik egin Ingurumen Ministerioak agindutakoari», azaldu zuen Alduntzinek.

Era berean esan zuen agerian geratu dela Portu Agintaritzak aurkeztu duen proiektuak ez duela bideragarritasun ekonomikorik, eta frogatu dela ezin direla eskuratu kanpoko kaia eraikitzeko beharrezkoak diren baliabideak, ezta legeak agintzen duen errentagarritasuna ere. Bestalde, Jaizkibelgo babestutako guneetan eragingo lukeen ingurumen kaltea «atzera ezinezkoa» litzateke. «Legearen aurkako bidea hartu dute», gaineratu zuen, eta hori dela-eta, «erokeria hau albo batera uzteko» garaia dela ondorioztatu.

Gipuzkoako Aldundiak hartutako erabakiarekin bat egin zuten Eusko Alkartasunak eta Aralarrek. EAk, 2010ean egin bezala, alegazioak aurkeztuko dituela azaldu zuen. Era berean, bideragarria den aukera bakarra portu mistoa dela iritzi zioten, alegia, portuko jarduera mantentzea, aldi berean herritarren erabilerarako esparruak utziz. «Portuak ezin du txatar biltegi izaten jarraitu», esan zuen Alberto Unamunzaga EAko kideak.

Aralarrek ere Aldundiak hartutako erabakia babestu zuen eta orain arte gai honekin denbora eta dirutza galdu dela gaineratu zuen.

Aldundiaren erabakiaren aurkako iritziak EAJren eta PSEren eskutik iritsi ziren. PSEren ustez, ingurumenaren, ekonomiaren eta paisaiaren alderdietatik eta ikuspegi soziolaboraletik Pasaia aldeari onura ekarriko lioke kanpoko kaiak. Bestalde, EAJren iritziz, Gipuzkoako gehiengoaren nahiarekiko errespetu eza erakusten du Bilduk.

Pasaiako Portu Agintaritzako lehendakari Lucio Hernandok ere prentsa oharra bidali zuen asteazkenean, Diputazioak aurkeztutako alegazioen eta Ingurumeneko arduradunak duen jarrera politikoaren arteko «mimetismoa» bistako dela esan zuen. Hernandok ukatu egin zuen Portu Agintaritzak egindako ikerlanak gabeziak dituela.

Talde ekologistek, ezezkoa

La Herrera Herrira Pasaiako herri batzordea ere ez dago ados Portu Agintaritzaren txostenarekin eta alegazioak aurkeztu dituzte. Sei mila herritar baino gehiagoren sinadurak jaso dituztela diote, eta Plan Zuzendarian ez dela batzordea existitzen denik ere azaltzen. Batzordearen ustez, gainera, proposamenaren helburu nagusia kanpoko kaia finantzatzeko gainbalioak lortzea da: «Lehenengo dirua lortu nahi dute; beste guztia bigarren mailan uzten dute». Txostenean eraberritze gisa agertzen dena, badiaren urbanizatzea baino ez dela azaldu dute.

Greenpeace eta WWF talde ekologistek ere aurkeztu dituzte alegazioak. Greenpeacek dio «gabezia garrantzitsuak» dituela txostenak, hala nola 760 milioi euroan balioetsitako proiektuaren kostu osoa ez dela zehazten, ezta baliabide naturalen erabilerak nolako eragina izango duen ere, ezta kanpoko portuan zein energia hornikuntza eraikiko duten ere. Bestalde, itsasoko eta Jaizkibel mendiko ehun hektarea suntsitzea bultzatzen ari dela aurpegiratu dio Portu Agintaritzari.

WWF taldeak proiektuaren «objektibotasun eta zehaztasun ezean» oinarritzen ditu aurkeztutako alegazioak. Horrez gain, inguruko portuekin elkarlana bultzatzea proposatzen du, Bilbokoarekin esate baterako. Alde hori nabarmentzen dute, halaber, proiektuaren aurka aurkeztutako beste hainbat helegitek.

lA herrera

La Herrera Herrira herri batzordeak salatu duenez, sei mila herritar baino gehiagoren babesa duten arren, Plan Zuzendariak ez du batzordeari buruzko aipamenik ere egiten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo