GARA > Idatzia > Kultura

Sarkisian, Mendizabal, Gereño eta Arana Martija, Euskaltzaindiaren gogoan

GARA | BILBO

Vahan Sarkisian, Fernando Mendizabal, Xabier Gereño eta Jose Antonio Arana Martija, 2011n zendutako euskaltzainak omendu zituen atzo Euskaltzaindiak Bilbon egindako ageriko bilkuran. Euren omenezko hilberri-txostenak irakurri zituzten omenaldian.

Vahan Sarkisian (1954-2011) ohorezko euskaltzaina izan zen eta Xabier Kintanak irakurri zuen bere hilberri txostena. Sarkisian armeniar idazle, irakasle eta itzultzaileak utzitako lan mardularen barruan, euskarari eta euskal kulturari eskainitakoak oso kontuan hartzekoak direlakoan dago Kintana. «Bai armenologian eta bai euskalaritzan ere ibilbide erabat berriak proposatu zituen, jada onespena lortu eta zientzialarien aitorpen handia eskuratu dutenak». Bere ikerketa-gaietako bat armenieraren eta euskararen arteko paralelismoena izan zen.

Fernando Mendizabal (1934-2011) euskaltzain urgazlea Joseba Intxausti ohorezko euskaltzainak ekarri zuen gogora. Mendizabal Arantzazun eta Foruan irakasle aritutako garaiaz hitz egin zuen, batetik, euskararen irakaskuntza egokitzen jardun zuenekoa; eta Alemaniako Werl-eko santutegiko egonaldia, bestetik, antropologiaren ezagutzan sakontzeko aukera eman ziona. Handik bueltan, UZEIren itzalean, euskal lan-aldirik luzeena burutu zuen, Intxaustiren aburuz, terminologia, hizkera juridikoa edota itzulpengintza langai izan zituela.

Jose Luis Lizundia eta Xabier Kintana aritu ziren Xabier Gereño (1924-2011) ohorezko euskaltzain zenaz. Lizundiak Euskaltzaindian egindako lana jorratu zuen. Hala, erakundearen kontabilitatea antolatu zuela gogoan izan zuen, eta «euskaraz prestatu zuen, berak sortutako eredua Euskaltzainditik kanpo ere, askorentzat balio handikoa izan zelarik». Gauza ugari egin zuen Euskaltzaindian: Ekonomia batzordeko kide izan zen, Euskaltzaindiaren argitalpenen inbentario zehatza egin zuen -1984an-, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan Euskaltzaindiak ipintzen zuen erakustokiaren ardura ekonomikoa eraman zuen... Bestalde, batere samurrak ez ziren garaietan, Xabier Gereñok euskararen alde egindako lana eskertu nahi izan du Xabier Kintanak. Bere esanetan «begi zorrotza zuen gure hizkuntzaren funtsezko premiez konturatzeko».

Modernizaziorantz

Azkenik, Jose Antonio Arana Martija (1931-2011) euskaltzain emerituaren omenez hiru pertsona mintzatu ziren: Jose Luis Lizundia eta Joan Mari Torrealdai euskaltzainak eta Begoña Arana, Jose Antonioren arreba.

«Jose Antonio Arana & Euskaltzaindia» izenburuaz, Lizundiak iazko apirilean zendu zen euskaltzain osoak akademiarekin izandako lotura estua azpimarratu nahi izan zuen. Azkue Bibliotekaren eta diruzaintza ataleko arduratik, erakundearen modernizazioan eta hedapenean esku-hartze zuzena izan zuen. Beste arlotan egindako lana ere aitortu zion, «ekintza, ikerketa, nahiz saio; kulturgintza, euskalgintza nahiz herrigintza izan ziren Jose Antonioren goiburu eta helburu, kasu honetan, Euskal Akademian».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo