Estibalitz EZKERRA I Literatur kritikaria
Lope de Aguirre (IV)
Oraindik ere logika horren barruan dihardugu, geure jarduera ekonomikoari begiratzea besterik ez dago horretaz ohartzeko. Zenbat euskal enpresa ez ote diren Europa ekialdean eta beste herrialde azpigaratuetan enpresak zabaltzen hasi, lana merkatzearren, menpekotasun eta jazarpen harremanei jarraipen emanez. Horrela izanda, posible al da askatasuna defendatzea? Ba ote da, besteren subiranotasuna arriskuan jarri gabe, askatasuna defendatzerik? Derrida baiezkoan dago.
Euren subiranotasuna justifikatze aldera besteei eragindako kaltea ezkutatu, makillatu edo ukatu egiten duten horiek askatasun kontzeptuaz egiten duten erabilera kritikatu arren, filosofo frantsesak ez du ukatzen askatasun kontzeptuaren esanahi eta erabilera etikora irits gaitezkeenik. Hori bai, puntu etiko horretara heltzeko ezinbestekoa da norberak eginiko krimenak aitortzea eta onartzea. Hots, Lope de Aguirre bere tokian jarri behar dugu: Ameriketako herri indigenen subiranotasunaren kontra aritu zirenen zerrendan. Kolono naturalizatuen ondorengoek maite dute Lope de Aguirre, hark eta haren modukoek posible egin baitzuten Hego Amerikako lurralde banaketa Mendebaldeko nazio-estatu kontzeptua oinarritzat harturik, edo agian bost axola zaie nor izan zen, aspaldiko kontuak baitira horiek.
Baina konkista unean galtzaile atera ziren horiek, indigenek, ezin dute ahaztu, beren orainak, hain zuzen, iraganari loturik jarraitzen duelako. Kasu honetan, bost axola zaie Lope de Aguirre euskalduna zen ala ez; inporta zaiena da itsasoz bestaldetik gizon batzuk etorri zirela eurena ez zen lurraldeaz jabetzeko.