GARA > Idatzia > Kultura

Primordiales euskal taldeak hasiko du Alondegiko Atrio Projects programa

GARA | BILBO

Alondegia kultur eta aisialdiko zentroak euskal sortzaile berrien aldeko apustua egin du Atrio Projects izeneko programarekin. Egitasmo berriaren bidez, urte osoan, zentroko Kulturen Atarian tokiko hamaika artistaren eta Estatu espainoleko bi artistaren proposamenak ikusi ahal izango dira.

Lehenengo saioa gaur izango da, Primordiales euskal taldeak «Primordiales. Imaginario audiovisual electrochamánico» ikuskizuna aurkeztuko baitu bertan.

Bilboko zentroko arduradunek adierazi zutenez, Alondegiko ataria XXI. mendeko plaza publiko handia izateko diseinatu zuen Philippe Starckek, herritar guztiei, kulturako eta gizarteko mugimendu garaikide guztiei zuzenduta eta forma artistiko berriak aurkitzeari irekita dagoena. Horrexegatik, orain, Kulturen Ataria Atrio Projects programaren erdigunea izango da. Programa Alondegiak sortzaile berrien alde egindako apustua da, eta era horretan herritarrak doan hurbil daitezke hasten ari diren artisten eta taldeen lanetara. Horientzat guztientzat, kasu askotan, muntaiak estreinatzeko aukera bikaina izango da.

Atrio Projects 2012an abiatuko da tokiko hamaika talderen, Madrilgo talde baten eta Bartzelonako beste baten esku-hartze artistikoekin. Performancea, kontzertuak, dantza garaikidea, bideo instalazioak edo joko multisentsorialak izango dira abangoardiako eszenografia honetan, ikuslea eta teknologia berriak izanik protagonistak. Ildo horretatik, Primordiales euskal taldeak «Primordiales. Imaginario audiovisual electrochamánico» ikuskizuna eskainiko du gaur. Irudia eta soinua kontzientzia kolektiboan dauden uneen eszenografia iradokigarriarekin uztartzen dituzte. Bertaratzen direnek 19.00etan eta 21.00etan ikusi ahal izango dute proposamena Kulturen Atarian. Sarrera doakoa izango da.

Hamarrekin hasi baina...

Aurten ikusgai izango diren hamahiru proposamenak Alondegiak deialdi irekirako jarritako epean, 2011ko irailaren 8tik urriaren 20ra bitartean, aurkeztutako 43 proiektuen artean hautatu dituzte. Hasieran gehienez hamar proiektu onartuko zituztela erabaki arren, kalitate handiko lanak zirenez, azkenean hamahiru proiektu hautatu dituzte.

Atrio Projects ekimenaren lehen edizioko epaimahaian euskal kulturaren arloko pertsona esanguratsuak egon dira: Juan Zapater BilbaoArteko zuzendaria, Andres Granados BilbaoMusikako zuzendaria eta Iban Gaztanbide Up Art!-eko kidea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo