Idoia Aiastui Agirregabiria Gipuzkoako ezker abertzalea
Gipuzkoa berri baten alde
Gipuzkoako jendarteak ez du ulertzen behar gehien dutenen aurrean makroproiektuen defentsa sutsua egitea; lehen sektoreak bizi duen egoera larriaren aurrean kezka bakarra Donostiako metroa eraikitzea izatea Baliabide publikoak herritarron behar errealetara bideratzeko, gardentasuna eta partaidetza oinarri dituen eredua bultzatu behar du ezker abertzaleak
Krisi latza pairatzen ari gara, eta egoerak okerrera egingo du datozen urteetan. Langabezia, enplegua erregu- latzeko espedienteak, etxeetatik kaleratzeak, soldatak izoztu edo murriztea, osasungintza eta hezkuntza pribatizatzeko saiakerak, pobrezia egoera areagotzea... mundu osoko gero eta pertsona gehiagorentzat eguneroko ogia da. Gipuzkoan ere hasiak gara krisiaren eragina pairatzen. Ondorio hauek eredu oso baten agorpenaren aurrean aurkitzen garela adierazte digute, eta egoera zail honi aurre egiteko ez da nahikoa partxeak jartzea, aldaketa estrukturalak behar dira.
Urteetan Gipuzkoako ekonomia espekulazioan oinarritu da, ekonomia errealetik urrun eta gure herrialdea gurpil zoro batean sartuz. Garapen ekonomikoa eraikuntzarekin lotu da eta ustezko aurrerapen eta konpetitibitatearen izenean obra erraldoiak eraikitzea izan da lehentasuna, eta gehienetan helburu ere bai. Helburu diogu, herritarren nahi eta beharraren gainetik eraiki nahi izan dutelako eta herrialdeari sortzen dizkion galeren aurrean beste alternatibarik aztertu ez delako. Gainera, Gipuzkoaren eta gipuzkoar guztion etorkizunean eragin zuzena duten proiektuen inguruan iluntasuna eta informazio falta nagusi izan da.
Gipuzkoan, eredu horren bultzatzaile eta kudeatzaileak ezagunak dira guztiontzat eta, gustatu ala ez, erantzule nagusia EAJ izan da. EAJ izan da AHT, Errauskailua, Portua, errepideak... eraikitzea helburu bihurtu duena eta makroproiektu horien eraikuntza gestio bikainaren ikur gisa saldu nahi izan duena. Horretarako, erakunde ezberdinetako diru-kutxak lotsarik gabe xahutu behar izan baditu ere. Obra publikoen aurrekontuetan %65 arteko desfaseak dira «kudeaketa bikain» horren adibide garbiak.
Maiatzeko hauteskundeen emaitzek, ordea, Gipuzkoa bestelako zutabe batzuen baitan eraikitzen hasteko aukera berriak ireki dituzte. Agerikoa da egoera ekonomikoa larria dela eta urte gogorrak datozkigula, baina era berean argi dago ezin dela bide beretik jarraitu eta akats berak errepikatu.
Horregatik are ulertezinagoa da, krisi ekonomiko garai hauetan, baliabide ekonomikoak izugarri murriztu diren honetan eta baliabide horien erabilpen arduratsuak nagusitu beharko lukeenean, hainbat alderdik eredu zaharkitu eta agortuaren luzapena planteatzea. Gipuzkoako jendarteak ez du ulertzen behar gehien dutenen aurrean makro-proiektuen defentsa sutsua egitea; lehen sektoreak bizi duen egoera larriaren aurrean kezka bakarra Donostiako metroa eraikitzea izatea. Lotsa behar da!
Beharrezkoak ez diren azpiegitura erraldoiak zalantzan jartzea Gipuzkoa geratzea dela entzun dugu handik eta hemen- dik. Baina, dirutza bat horretara bideratzea eta herritarren beharretatik kentzea da gestio bikainaren masterra duten horiek planteatzen ari diren alternatiba? Hori delako, hain justu, Patxi Lopezen gobernua egiten ari dena, gastu sozialean murrizketa basatiak burutzen ari diren bitartean, AHTrako diru-sailari bere horretan eutsi eta 2012an 380 milioi euro gastatu.
Politika egiteko modu jakin horren amaieran gaude eta orain amaiera guztiek dakarten hasiera marraztea dagokigu. Gipuzkoa osatzen dugun herrion/herritarron neurrira eginiko eraldaketak bultzatu behar ditugu. Tokian tokiko administrazio publikoetatik, herri txiki, ertain eta landa eremuak babestu eta indartu behar ditugu, tokiko ekonomia bultzatuz. Baliabide publikoak herritarron behar errealetara bideratzeko, gardentasuna eta partaidetza oinarri dituen eredua bultzatu behar du ezker abertzaleak, erakundeetatik eta kaletik.
Zentzu honetan, urteetan makroproiektu erraldoien aurka borrokan jardun duten eragile sozialek bat egin eta manifestazio bat antolatu dute «Gipuzkoa desberdin baten alde, jendarte eredua aldatu!» lelopean. «Ez» asko oihukatzera gatoz, «BAI» erraldoi bat osatzeko. Gipuzkoa berri baten alde lan egin nahi dugunon «BAI» asko entzungo direlako datorren larunbatean, otsailaren 4an, Donostian egingo den manifestazioan.