GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Iker Bizkarguenaga Kazetaria

Ezkerra eta ideia berrien xarma

Urtarrilaren 19an idatzitako Jo Puntuan -«(Ama) izan edo ez izan»- Arantza Santestebanek, izenburuan marraztutako gaiari jarraituz, hausnarketa interesgarria egin zuen ezkerrak eta ezkertiarrok diskurtso eta rol hegemonikoak barneratzeko dugun joera tematiaren gainean, eta, bide batez, eztabaida mamitsu bati atea ireki zion. Handik egun batzuetara, «Berria»-n, Ibon Arrizabalagak -«Iraultzaile izan ala ez izan»- eta Andoni Egañak -«Jolasean serio»-, hari horri heldu zioten, eta auziak bilakaera polita izan du sare sozialetan.

Lerrootan, ez dut iritzi trukaketa horretan sakontzeko asmorik, zutabetxo honek inon murgiltzeko ur gutxiegi eskaintzen duelako, baina Arantzak mahai gainean utzitako matazaren ertz bati heldu nahiko nioke. Hain zuzen, ezkerrak eztabaidatzeko eta etengabeko hausnarketan ibiltzeko duen ezinbestekotasunari. Izan ere, eskumak ez bezala, ezkerrak berezkoa du, edo izan beharko luke, «egia» guztiak auzitan eta eltze guztiak sutan jartzeko beharra. Galtzerdiei bezala, munduari buelta emateko jaio baginen, eta halakorik lortzen ez dugun bitartean -eta lortuko bagenu ere- bide berriak irekitzea izan behar dugu xede. Horregatik, adibidez, egunkaria ireki eta neuronak dantzan jarriko dizkidan artikuluren bat topatzeak ikaragarri kitzikatzen nau, jakin badakidalako halako bidaia baten ostean inoiz ez garela leku berera itzultzen.

Eta, horregatik ere, ustez ezkertiar diren baina buruari eragiteko orduan erabat kontserbadoreak diren pertsonek triste jartzen naute. Egunkaria ireki, edo ordenagailua piztu, eta beraienaren kontrakoa edo desberdina den iritzi batekin topo egitean artega jartzen direnek. Tamalez, ezkerrean ere badaude lauzpabost oinarrizko ideia gurtzea nahiago dutenak, beraien eskemak auzitan jarriko dituzten ideia berriak barneratzea baino. Agian materialismoaren izaera dialektikoa ondo ezagutzen ez dutelako, «estatiko» samar bizi direnak, alegia.

Ezkerreko izateak buruari eragitea exijitzen digu, eta gizartea iraultzeko, barru-barruan ditugun axiomak iraultzeko prest egon behar dugu. Egonean bagaude, jai daukagulako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo