GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Ibaialde ikastola laguntzeko erabaki zuzena

Gipuzkoako Aldundiak bat egin du Lodosa eta Sartagudako Ibaialde ikastolak bizi duen egoera ekonomiko larriari aurre egin eta haren etorkizuna bermatzeko egin den laguntza kanpainarekin. Eta hala, Gipuzkoako ikastoletan ikasle diren haur bakoitzeko euro bat emango dio; orotara, 24.000 euro. Horrez gain, kritika politikoa plazaratu zuen, Ibaialde ikastolaren egoeraren arduradunari, Nafarroako Gobernuari, irtenbide duina emateko duen ahalmenari bizkar ez emateko eskatuz.

Esanahi handiko erabaki zuzenak dira biak ala biak, herrialdetik harago Euskal Herria abiapuntu eta helburu dutenak. Euskararen beste lurraldeetako anai-arrebekiko sentiberatasuna eta atxikimendua adierazi eta are, indarrak bilduz, auzolanean arituz, herrigintzari hauspoa eskaintzen diotenak. Poztekoa da Ibaialde ikastolari horren azkar eta eskuzabal erantzun izana, erreflexuak eta gaitasuna erakutsi baititu euskaltzale eta abertzale orok zorionduko duen erabaki horrekin. Baina agerraldi berean esan legez, urratsok, berez, ez dira aski euskarak bizi duen asimilazio saio estrukturala gainditzeko. Kinka larriari emandako erantzuna dira, baina sorburura jo gabe, gaurko asea eta biharko gosea. Auzoko bi estatuen eta bertako hainbat instituzioren erasoen aurrean, ikastolen sorrera eta garapenean badira erronka horri aurre egiteko etorkizunari begirako hainbat gako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo