GARA > Idatzia > Kultura

Tom Sharperen umore garratza, aurrenekoz oholtzan, eta euskaraz

Umorezko literaturaren maisuetako bat da Tom Sharpe mundu mailan, baina orain arte antzerkigileek ez dute bere eleberririk egokitu. Ados Teatroa izan da lehena, eta euskaraz eskaintzen digu, gainera, idazle ingelesaren istoriorik dibertigarri eta ezagunena, «Wilt».

p048_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Errenterian, Eibarren, Igorren eta Getxon antzeztu du oraingoz Ados Teatroak «Wilt, panpina puzgarriaren hilketa», Tom Sharperen lanaren egokitzapena. Eta, aktoreek atzoko aurkezpenean adierazi zutenez, eurak hagitz ongi pasatzen ari dira eta ikusleak ere bai. Mikel Laskurainek, Wilten papera egiten duenak, kontatu zuenez, jendeak irri egin du hasieratik eta txaloak bero-beroak izaten ari dira. Getxon, lau edo bost aldiz atera behar izan zuten aktoreek bukaeran agurtzera.

Lau emanaldi «zoragarri» hauen ondotik, jende gehiagori atera nahi diote irribarrea, ahalik eta antzerkizalerik gehienei erakutsi «pozik eta harro» sentiarazten dituen lana. Eta euskaraz egin nahi dute hori, udazkenera arte ez dute aterako gaztelaniazko bertsiorik. «Gure aldetik, horrelako produkzioa euskaraz egitea, erdarazkoaren aurretik, hizkuntzaren aldeko apustu argia da», nabarmendu zuten.

Garbi Losada zuzendariak agertu zuenez, Sharpe nahaste-borraste batez baliatzen da gizarte osoari egurra emateko, eta nahaste horretan, denak harrapatzen ditu bere begirada kritikoarekin: familia, heziketa, lesbianak, aberatsak, behartsuak, ikasleak, polizia, eliza, irakasleak, etxekoandreak, kontsumismoa, modak, eskuineko pertsonak, ezkertiarrak...

Komiki batean bezala, bizi-bizi eta sekuentziaz sekuentzia, hogei pertsonaia eta leku ugari agertzen dira taula gainean. Horregatik, inspektorearena egiten duen Isidoro Fernandezek eta Mikel Laskurain protagonistak izan ezik, gainerako antzezleek -Aitziber Garmendia, Miren Gojenola, Koldo Losada eta Fernando Ruiz- pertsonaia bat baino gehiago interpretatzen dituzte.

Henry Wilt, batez ere, itxaropena galdutako gizona da, ez dago gustura ez lanean ez etxean. Badu ihesbide bat, ordea: egunero, txakurra paseatu bitartean, emaztea hiltzeko eta gorpua desagerrarazteko modu anitz asmatzen entretenitzen da. Besta batean, panpina puzgarri bat dela eta ez dela, ezustean harrapatuko dute, eta gero, etxera heldutakoan, emazte suminduaren ohar bat topatuko du, bidaian doala erranez, eta pakete bat, barrenean zera duena... panpina! Egun batzuetan etxean bakarrik egonen denez, emaztea hiltzeko plana martxan jartzea erabakiko du. Oraingoan benetan. Eta panpina erabiliko du gorpua nola desagerrarazi probatzeko. Hala sartuko da istiluetan, panpina eraikitzen ari diren zimendu batzuetara botatzean lekuko batzuek ikusi eta emaztea hiltzea leporatuta atxilotzen dutenean. Eguneroko gertaeretatik urrun dagoela eman dezake istorioak, hala iruditu zitzaion Aitziber Garmendiari ere aurrena liburua eta gero gidoia irakurtzean, baina entseatzen eta lana gorpuzten joan diren heinean, gero eta errealagoa egin zaio.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo