Politikari buruzko topikoak desegiten saiatuko da Pako Aristi Donostian
GARA | DONOSTIA
«500 urte estrategiarik gabe» hitzaldi zikloaren barrenean, Pako Aristi politikari buruzko topikoak desegiten saiatuko da etzi, 19.00etan, Koldo Mitxelenan emanen duen mintzaldian. «Mezu asko zabaldu dira azkenotan Euskal Herrian: aro berri batean gaude, Rajoyk bere maila erakutsi behar du, Estatu espainolak ardura historiko bat dauka gure gatazka konpontzeko, Europak lupa jarrita dauka Espainiaren gainean, Aieteko hitzarmena ibilbide-orri bat da...», adierazi du Urrestillako idazleak. Bere ustez, mezuok modu akritikoan errepikatu dira, kontsigna bihurtu arte.
Gogoeta falta sumatzen du Aristik, «Euskal Herriak daukan ahalmen intelektual guztia erabiltzea estrategia irabazle bat taxutzeko, independentzia lortzeko bidean». 30 urteotan «bide instituzionalak eta bide armatuak izan duten porrotaren ondoren», begirada eta norabide berri baten beharra defendatuko du hizlariak.