San Blas azokak 250 abelburu baino gehiago bilduko ditu Abadiñon datorren ostiralean
Jon ADAN | ABADIÑO
Behi, ardi eta zaldi-aziendak batuta, 250 abelburu baino gehiago izango dira otsailaren 3an Abadiñoko San Blas azokan. Euskal Herriko garrantzitsuenetako bat da azoka hori, eta Udalak antolatuko du, BBKren lankidetzaz. Lehiaketan parte hartuko duten aziendei dagokienez, 100 abelburu salgai egongo dira, eta, gainerakoak, ikusgai jarriko dituzte. Gainera, azokan, nekazaritzako produktuen 72 saltoki, eskulangintzako 22 saltoki, nekazaritzako makineriako 15 saltoki eta 10 landare saltoki egongo dira.
Atzo, azoka aurkezteko ekitaldian, Abadiñoko Udaleko alkate Jose Luis Navarrok adierazi zuen azokan baserritarren «lan bikaina» egongo dela ikusgai berriz, eta «laguntza osoa» eskaini zien baserritarrei. Salgai izango diren ehun abelburuak Trinkete aldeko auzoan izango dira. Toki berean, 166 abelburu egongo dira ikusgai, eta horietatik 54 buru herriko sei abeltzainenak izango dira, piriniar, limousin eta txaroles arrazetakoak.
Bestetik, nekazaritza azokan 72 erakusketari egongo dira 84 etxetxotan jarrita, Trinkete aldean, eta, besteak beste, produktu hauek izango dituzte salgai: barazkiak, fruituak, ogia eta euskal opila, gazta, eztia, patea, esnekiak, txakolina eta sagardoa.
Eskulangileak, 22 guztira, Txanporta kultur etxearen ondoan jarriko dira. Bestalde, Tornosolo kalean, mintegizainen 10 saltoki egongo dira, eta landare-mota desberdinak izango dituzte salgai. Horrez gain, nekazaritzako makineriako 15 saltoki jarriko dira Gaztañodi eta Aita Aureliano Letona kaleetan eta Txanporta plazan.
Azokaren inguruan izaten diren ekitaldien programan, nabarmen handitu da idi-probetan parte hartuko duten bikoteen kopurua. Aurten 38 bikotek arituko dira norgehiagoka; iaz, berriz, 26 izan ziren.
Liburua eta errekorra
Azkenik Gerediaga kultura-elkarteak «Sanblasak begietan» izeneko liburua argitaratu du Udalaren mandatuz. Jaiegun horren historia berrikusten du lanak, 1914.urtetik gaur egunera arte 38 argazkilarik egindako 130 argazkiren bidez, eta horiez gain Udalak antolatutako lehiaketetara aurkeztu diren zenbait irudiren bidez. Liburuaren egileak Lorea Madina kazetaria eta Txelu Angoitia argazkilaria dira. Guztira 1.500 ale eman dituzte argitara.
Bestalde, Jose Ramon Iruretagoiena, Izeta II.a, eta bere seme Odei, Izeta IV.a, harri-jasotzaile gipuzkoarrak seigarren errekorra ezartzen ahaleginduko dira Abadiñon otsailaren 3an, eta, hori lortzeko 125 kiloko harri errektangularra gutxienez 125 aldiz altxatu beharko dute.