GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ernesto Prat askatzeko eskatu dute ezker abertzaleak, EAk eta Aralarrek Iruñean

Ernesto Prat berriozartarra askatzeko eskatu zuten atzo Iruñean ezker abertzaleko, EAko eta Aralarreko kideek. Jarduera politikoagatik atxilotu zutela oroitarazi eta egungo egoera politikoan hori ulertezina dela esan zuten. Carmen Albak elkarretaratzea debekatu zuen.

p013_f02_148x116.jpg

Martxelo DIAZ | IRUÑEA

Ezker abertzaleko, EAko eta Aralarreko ordezkariak Ernesto Prat berriozartarraren atxiloketa salatu zuten atzo, Gobernu espainolak Iruñean duen Ordezkaritzaren aurrean. Hasiera batean, elkarretaratzera deitu zuten atzo hiru alderdiek, joan den asteazkenean Urruñan Polizia frantsesak egin zuen atxiloketaren kontra, baina Carmen Alba PPren Gobernuaren ordezkariak elkarretaratzeko baimena ukatu zuen. Ondorioz, hiru alderdietako ordezkariek adierazpenak egin zituzten.

Ezker abertzaleko ordezkari Pernando Barrenak eta Berriozarko alkate eta NaBaiko parlamentari Xabier Lasak nabarmendu zutenez, Pratek bizitza arrunta egiten zuen Urruñan eta bere jarduera politikoa dela- eta joan behar izan zuen Ipar Euskal Herrira.

Ekineko kide izatea leporatzen diote Prati Madrilek aurkeztu duen euroaginduan. Lasa eta Barrenaren esanetan, «Ekin bere burua desegin zuen erakundea da eta Praten atxiloketak ez du laguntzen Euskal Herriak bizi duen une politiko berria sendotzen».

Amezketak, Barrenak bezala, PPren Gobernuaren ordezkariaren jarrera salatu zuen, debeku horrekin manifestatzeko eskubidearen aurka egin duelako. «Oinarrizko eskubideen urraketa da. Lotsagarria da une politiko honetan horrelako erabakiak hartzea PPko Gobernuak izendatu duen ordezkariak», salatu zuten.

Paueko epailearen aurrera eraman zuten atzo Prat. Berriozarretik 40 bat lagun joan ziren Okzitaniako hirira. Epaileek ez zuten euroaginduari buruz erabakirik hartu eta afera otsailaren 7an aztertuko dutela jakinarazi zuten.

Maritxu Paulus-Basurco abokatuak Prat askatzeko eskatu zuen, Urruñan integratuta dagoela egiaztatu duela eta ETAren adierazpenak egoera berri bat sortu duela argudiatuta.

«Estatu espainolean kartzelatzen banaute, torturatua izanen naiz», adierazi zuen Pratek epailearen aurrean.

Ezetza Parlamentuan Errori

Bestalde, UPNk, PSNk eta PPk Nafarroako Parlamentuan bat egin eta ezezkoa eman zioten Iñaki Erroren egoerari buruzko kezka islatzen zuen adierazpen proposamenari. Bilduk aurkeztu zuen testua eta NaBairen eta I-E-ren sostengua jaso zuen.

Donibane auzoko presoa bihotzeko gaitzak jo zuen duela bi aste Almeriako espetxean eta ebakuntza egin behar izan zioten. «UPN eta PPren jarrerak ez gaitu harritzen, baina PSNk ez ikusiarena egiten segitzen du», esan zuen Bakartxo Ruizek.

tortura

Estatu espainolaren euroagindua onartzen badute, torturatua izateko arriskuan izanen dela nabarmendu zuen atzo Ernesto Pratek Paueko epailearen aurrean. Otsailaren 7an hartuko du jujeak erabakia.

askatasuna

Euroaginduaren inguruko ebazpena eman bitartean, Paueko epaileek Ernesto Prat behin-behinean aske utzi ala ez erabakiko dute gaur. Abokatuak Urruñan integratuta dagoela nabarmendu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo