GARA > Idatzia > Mundua

Elkarrizketak hasi dituzte talibanek eta Ameriketako Estatu Batuek Qatarren

Balizko bake prozesu bati begira, lehen bilkurak egin dituzte Ameriketako Estatu Batuek eta talibanek Qatarren. Negoziazioak kontrolatu nahian, AEBek elkarrizketak Qatarren soilik egitea nahi dute. Afganistanek eta Pakistanek, ordea, Saudi Arabia eta Turkia nahiago dituzte.

GARA | KABUL

Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuaren eta talibanen ordezkaritza bana bildu dira Qatarren. Hori eman zuen aditzera atzo Maulavi Kalamuddin elizgizon ohi eta Hamid Karzai Afganistango presidenteak sortutako Bakerako Goi Batzordeko kideak. «Aurretiazko bilera batzuk besterik ez dituzte egin bi aldeek. Jainkoak nahi badu, laster hasiko ditugu elkarrizketak. Bien arteko konfiantza eraikitzeko prozesua hasi besterik ez dugu egin», gaineratu zuen.

Hilaren hasieran, Washingtonekin eztabaidatzeko Qatarren bulego bat irekiko zutela iragarri zuten talibanek. «Daily Telegraph» egunkariak helarazi zuenez, talibanek ordezkaritza bat bidali dute jada Qatarrera bulegoa prest uzteko. Aipatu zuenez, Shabudin Dilawarik eta Taieb Agak osatzen dute. Lehena, talibanen Atzerri arduraduna izan zen, baita Saudi Arabian ordezkaria ere. Bigarrena, Mohamad Omar buruzagiaren gertuko kolaboratzailea da.

Pakistanek eta Afganistanek, ordea, elkarrizketak Qatarren egin ordez Saudi Arabian egitea nahi dute. «Prozesutik kanpo gelditu direla uste dute Kabulek eta Islamabadek. Bake negoziazioak nolabait kontrolatu nahi dituzte eta, horregatik, aukeran Saudi Arabia nahiago dute», plazaratu zuen Quetta hiriko talibanen kontseiluko kide batek.

«Pakistanek talibanak bitan zatitu nahi ditu. Batetik, Qatarreko bilkurak egongo lirateke, Pakistanen parte hartzerik gabe, eta, bestetik, Pakistanetik hurbilago dauden talibanak, eta horiek Saudi Arabian beste bulego bat irekitzea nahi dute», gaineratu zuen beste taliban batek.

Afganistanek bakerako «bide guztiak agortuko» dituela esan zuen. Iturri ofizial baten arabera, «kontaktuak ez dira Qatarreko bulegora mugatuko». Qatarren izan beharrean -AEBek nahi duten bezala-, elkarrizketen egoitza Saudi Arabia edo Turkia izatea nahiago ote duen galdetuta, baietz erantzun zuen.

Testuinguru horretan, Saudi Arabia Afganistango Gobernuaren eta talibanen arteko elkarrizketak antolatzeko prest agertu dela aipatu zuen afganiar funtzionario batek.

Igandean, Pakistango Atzerri ministro Hina Rabbani Khar-en bisita iragarri zuen Kabulek. Bere homologo Zulma Rasoulekin bilera egingo du.

«Pakistanen eta Afganistanen arteko harremanetan etapa berri bat zabalduko du bisita honek. Terrorismoaren kontrako borroka eta Afganistango bake prozesua izango dituzte hizpide», adierazi zuen Atzerri Ministerioaren bozeramaile Janan Mosazaik. Bere hitzetan, Pakistan prest dago talibanekin berriz hitz egiten hasteko.

pakistan

CIAri Osama bin Laden aurkitzen lagundu zion medikua, Shakil Afridi, «goi-mailako traizioagatik» epaitu nahi du Pakistanek. Bin Laden hil eta aste batzuetara atxilotu zuten Pakistango zerbitzu sekretuek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo