Bost egunean dekalogo bat idatzi dute hamabi gonbidatuk Tabakaleran
GARA | DONOSTIA
Gaur amaitu dute Tabakaleran hilaren 27an abiatu zuten esperimentu berria: Estatu espainolean egindako lehendabiziko «book sprint»-a. Bost egunean pertsona talde bat elkartzen du jarduera horrek, eta helburua elkarbizitzaren eta lan-saio trinkoen bidez, elkarlanaren eta dinamizatutako prozesu baten bitartez, liburu bat idaztea da.
Tabakalera egoitza hartuta, kultura garaikidean, kultura librean, artean, teknologian, arte eta gizarte arloetako jarduera berrietan adituak diren hamabi gonbidatuk osatutako lantaldeak «Kode irekiko praktika kulturalen dekalogoa» izenburuko liburua idatzi dute. Horretarako, Booki izeneko tresna erabili dute, Interneteko ediziorako plataforma bat, taldean idazteko aukera eskaintzen duena. Bost egunetako lanaren ondoren, bertsio digitalean eskuratu daitekeen liburua plazaratzea lortu dute.