GARA > Idatzia > Euskal Herria

PSk Pauerako prestatu aurrekontuak alor sozialeko gastuari eutsiko dio

Kontseilu Nagusia bere esku dagoenetik, beren lehen aurrekontuaren ildoak jakinarazi zituen Departamenduko PSk. Elkartasun arloan, azpiegitura eta garraioan eta 2. mailako hezkuntzan «ahalegin berezia» egingo dute gastua mantentzeko. Ez dute zergak igotzeko asmorik.

p017_f01_ONA.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Kontseilu Nagusiaren kudeaketa iaz eskuratu zuenetik, berak landutako lehen aurrekontuen proiektua aurkeztu zuen PSk, atzo, Baionan.

Georges Labazee presidenteak, Philippe Garcia finantzen arduradunarekin eta Kotte Ezenarro alor sozialeko gaietarako lehendakari-ordearekin batera 2012ko aurrekontuen (750 milioi euro) nondik norakoak azaldu zituzten. Kontseiluaren eginkizun nagusietan -alor sozialeko elkartasuna, bigarren mailako hezkuntzako kolegioak eta azpiegiturak- «ahalegin berezia» egiteko asmoa azaldu zuen Labazeek.

Aurrekontuaren ia erdia (310 milioi euro) elkartasunera bideratzea planteatzen dute. Hor sartuko da, besteak beste, APA dispositiboaren (autonomiarako laguntza pertsonalizatua) gastua, «Estatuaren aportazioaren jaitxiera dela medio, Departamenduari gero eta kostu gehiago ekartzen diona» Ezenarroren esanetan. Ahalmen urrikoentzako zentroetan 122 leku gehiago sortuko dira eta haurtzaindegietan, 260 leku.

Bigarren mailako hezkuntzako kolegioak berrigutaratzeko programarako, berriz, 30 milioi euro baztertzea proposatzen dute, 2014raino urtero bideratuko duten kopuru berbera.

Azpiegituretan, batik bat errepideetan, 183 milioi euro inbertitzeko asmoa du PSk. «Departamenduen gastuak neurtzen dituen Strate taularen arabera, biztanleko ratio handienetakoa daukagu kapitulu honetan» adierazi zuen Labazeek.

Larruneko trena

Garraoiei dagokionez, Larruneko trenaren kudeaketa EPSA estazio garaietako erakunde publikoaren gain izango da aurrerantzean (orain artean Veolia talde pribatuaren esku utzia zeukaten).

EPSAren baitan, Nafarroa Garaiarekin «mugaz gaindiko elkarlanerako elkarte ekonomikoa» sortzekotan dira. Kari horretara, Yolanda Barcinaren gobernuarekin lehen bilera martxoan izango dute.

Tours-Bordele AHTren zatiarentzat diru-aurreikuspenak igo egin dituzte. «Hitzartutako 79 miliotik, aurten 16 milioi euro ematekotan ginen baina, badaezpada ere, beste 5 milioi gehitu ditugu» jakinarazi zuen Garciak.

Horrez gain, «ekinbide publikoaren gune» izan nahi duten Departamenduko Etxeen sarea sortzeko lehen urratsak egingo dituztela iragarri zuten.

IGOERARIK EZ

Departamenduko zergetan igoerarik ez dela izanen agindu zuen Garcia kontseilariak. Partidak orekatuz, esku aldaketa eta higiezinen zergetatik azken urteetan dauden sarrera handiagoekin (+ %3,5 iaz) eta maileguekin moldatzeko asmoa dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo