GARA > Idatzia > Kultura

Facebook-ek «Sexual herria» liburuaren azala kendu du Txalapartaren orritik

Txalaparta argitaletxeak atzo salatu zuenez, Facebook sare sozialak Itziar Zigaren «Sexual Herria» lanaren azala Txalapartaren orrialdetik kendu zuen, enpresa horren arauak hausten dituela-eta.

p049_f01.jpg

GARA | DONOSTIA

«Prentsa ohar honen bidez, iritzi publikoari jakinarazi nahi diogu Facebookek Txalapartak webgune horretan daukan orrialdetik Itziar Zigaren «Sexual Herria» liburuaren azala kendu duela, dirudienez, enpresa horren arauak hausten dituelako». Horixe zioen atzo Txalapartak bidali zuen prentsa oharrak.

Txalapartako zuzendari Mikel Sotok atzo GARAri azaldu zionez, atzo goizean argitaletxearen Facebookeko orria irekitzean zuzendaritzatik igorritako mezu bat ageri zen bertan, onartutako baldintzak ez betetzeagatik irudi hori kendu beharra zutela azalduz. «Norbaitek salatu duela pentsatzen dugu, baina ez dago horren ebidentziarik», zioen Sotok. Ondorioz, salatzea eta ahalik eta gehien zabaltzea da Txalapartako arduradunen asmoa, baina «esperantza handirik gabe» ari direla azaldu zuen; «txikiak baikara korporazio handi baten kontra». «Ohituta geunden zentsura saiakera handiekin, baina hau berria da guretzat». Hala ere, lortu nahi duten horren kontrakoa jasoko dutela ohartarazi zuen Sotok, ezabatu nahi zuten hori toki guztietatik zabaltzea, alegia.

Liburuaren azal horretan bi emakume ageri dira, baserritarrez jantziak, elkar besarkatzen eta horietako batek bular bat bistan du.

«Zoritxarrez, ez da zentsura mota hau jasaten dugun lehen aldia: antzeko zerbait gertatu zitzaigun Diana J. Torresen «Pornoterrorismo» liburuaren aurkezpenaren bideoarekin», jarraitu zuen. Izan ere, duela bederatzi hilabete Youtube-tik kendu zuten «antzeko arrazoiak argudiatuta».

«Moralkeria faltsu hau eta sexu zentsura honek eta, oro har, edozein zentsurak dakarren adierazpen askatasunaren kontrako erasoa salatu nahi dugu publikoki berriz ere. Edozein komunikabidetan gizonezkoen bularrak, hilketak, sarraskiak edota gu eta gure morala `zaintzen' dituen sistemak sortzen duen gosearen irudi moral gabeak ikus ditzakegu. Emakume baten bular biluzia erakusten duen liburu baten azala, ordea, zentsuratu egiten dute», zioen Txalapartaren oharrak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo