GARA > Idatzia > Kultura

«Argentina eta Uruguaiko historian bidaiatzeko aukera emanen du aurtengo pastoralak»

p048_f01ona.jpg

Jean Bordaxar

Kantaria eta pastoral egilea

Kantaria, dantzaria, aktorea eta pastoral egilea da Jean Bordaxar (Arrokiaga,1950). 1995an bere sorterrian eskaini zen «Agirre presidenta» pastoralaren musika sortu zuen eta iaz Larraineko herritarrek jokatu zuten Telesforo Monzon pertsonaiari buruzko pastoralaren egilea da. Aurten, «Joxe Mendiaga» izenekoa burutu berri du. Kantari gisa hiru disko kaleratuak ditu.

Ainize BUTRON | MAULE

1995ean «Agirre presidenta» eskaini ondoren, Arrokiagako herritarrek, berriz ere, pastorala lantzeari ekin diote aurten. Uztailaren 19ko eta abuztuaren 5eko hitzorduei begira, Jean Bordaxar beste pertsonaia historiko baten bizitzan barneratu da. Joxe Mendiaga Larregain bertsolari eta idazlea da, izan ere, aurtengo pastoraleko protagonista. 1845eko apirilaren 27an Alduden sortua eta 1937ko irailaren 12an Montevideon hila. Aurten beteko dira, beraz, 75 urte zendu zela. Gai horren bidez, Bordaxarrek Ameriketara joandako euskaldunak aipatu nahi izan ditu. Mendiagak idatzitako kantuen bidez, Argentina eta Uruguaiko historia ezagutzeko aukera izanen da.

Iaz Telesforo Monzoni buruzkoa, eta aurten, berriz, Ameriketara joandako euskaldunen gaineko pastorala egin duzu.

Bai, bi urtez segidan nik idatzitako bi pastoral agertzen dira. Telesforo Monzonena aspaldian idatzia nuen, baina iaz eskaini zen Larrainen. Nire sorlekuan nahi zuten nik idatz nezan pastorala; beraz, oso denbora gutxian idatzi behar izan dut. Ikusiz bi pastoralak segidan azalduko zirela bi gai oso ezberdin jorratu nahi izan ditut.

Hego Amerikari loturiko pertsonaia baten inguruan landu duzu. Zergatik hautu hori?

Landu nahi nuen gaiari buruzko ikerketa egiten hasi nintzen. Kantagintzari esker Ipar Amerika ezagutzen nuen. Ipar Amerikara, AEBetara eta Quebecera deserriratu zirenen inguruan aztertzen hasi nintzen, baina pastoral batean emateko ez nuen pertsonaia berezirik aurkitzen. Beraz, nire ikerketa urrunago eraman behar izan dut, hau da, Hego Amerikaraino. Joxe Mendiaga bertsolariaren kantuetan gauza asko zegoela ikusi nuen. Horrekin, Piarres Xarriton euskaltzainaren ikustera joan nintzen, 1992.urtean Mendiagaren idazlanak liburu batean bildu eta argitaratu baitzituen. Liburu hori izan nuen abiapuntu, eta horrekin Argentina eta Uruguaiko historia aztertu dut.

Pastoralak, beraz, Argentinako eta Uruguaiko historia ditu ardatz?

Mendiagak idatzitako kantuetan aipatzen diren gai eta gertakariak agertzen dira. Telesforo Monzonen pastoralean bezala, gertakari historikoetan bermatu naiz idazteko. Argentina eta Uruguaiko historian bidaiatzeko aukera ematen du pastoral horrek.

Pastoralek pertsonaia baten bizia edo gertakari historikoak aipatu ohi dituzte....

Hego Amerikako historia Euskal Herrikoari lotua dela iruditzen zait. Mendiagaren garaian Argentina eta Uruguaiko lehendakariak euskaldun semeak ziren; beraz, horrek lotura ematen du. Interesgarria zen erakustea zer egiten zuten eta zer esperantza zuten garai horretan.

Euskaldunek Hego Amerikan ez dituzte beti gauza onak egin.

Ez dut alde ezkorra sobera erakusten. Turketak agertzen direlarik euskaldunek zuten fama aipatzen dute, bai, baina besterik ez. Indianoen aurka izan den gerla bat aipagai da pastoralean, baina, ez dut euskaldunek izan duten parte hartzea azaltzen. Badira giltzak, eta bakoitzak erakusten du zer gertatu zen momentu horretan. Ez dut dena kontatu ahal izan.

Zein da Mendiagaren rola?

Bertsolaria zen eta olerkiak idatzi zituen ere. Garai horretan izandako gertakarien berriketari gisa agertzen dut. Bere bizitzako urteak pasatzen doazen bezala Argentina eta Uruguaiko historiaren gertakariak azaltzen dira. Bertso zinez luzeak ziren, eta horietariko batzuk hartu ditut, bost edo sei, eta testuan ezarri ditut.

«Lau hilabete eman ditut idazteko»

Arrokiagan sortu zinenez, herritarrek aurtengoa idazteko eskatu zizutela diozu. Noiz hasi zinen pastorala idazteko ikerketa lanak egiten?

Duela bi urte eskatu zidaten idazteko. Oso denbora gutxian idatzi behar izan dut. Ikerketa sei hilabetean egin dut, eta, beste lau hilabete eman ditut idazteko. Beste pastoral batzuetarako gai batzuk bururatu zaizkit ere ikerketa hori eramatean. Hego Amerikatik bada beste zer lantzeko gai bezala.

Zuberoako herri batean pastorala prestatzen delarik, kanpora bizitzera joan diren gehienak herriratzen dira gertakarian parte hartzeko. Zu egilea zara, baina beste era bateko parte hartzea izango al duzu proiektuan?

Aktore gisa ere hartuko dut parte. Agian, nire azken pastorala izango da aktore gisa. Arrokiagan duela hamazazpi urte idatzi zen azkeneko pastorala, «Agirre presidenta» hain zuzen ere; beraz, ez dut beharbada beste pastoral batean parte hartzeko aukerarik izango. Hasiak gara elkartzen, eta, orotara, 86 herritarrek parte hartzen dute proiektu honetan. A.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo