GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

mendiko eskia | Lehia

Altitoy lasterketak 500 eskiatzaile hartu zituen

Proba hau bi egunez jokatu zen, eta Euskadiko Taldekako Txapelketarako baliagarria zen. Juanjo Goikoetxea-Javier Tirapu eta Amets Maiztegi-Nahia Quincoces taldeak seniorretan nagusitu ziren. Beteranoetan, aldiz, Fernando Monasterio eta Carlos Imirizaldu.

p050_f01_250x176.jpg

p050_f02_148x228.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Euskal Mendizale Federazioak antolatutako mendiko eskiko denboraldi ofizialak aurrera jarraitzen du. Lehen hitzorduari, Euskadiko Kronoigoera Txapelketari, Altitoy Irekiaren barnean jokatu zen Euskadiko Taldekako Txapelketak hartu zion lekukoa. Bosgarren aldia zuen Altitoy lasterketak eta, ohi den legez, bi eguneko lehia izan zen: urtarrilaren 28 eta 29an. Jakina denez, ospe handia hartu du Luz Saint-Sauver herrian atontzen duten probak; besteak beste, lehiaz aparte izaera herrikoia duelako.

Bai, Altitoy Irekiak ondo baino uztartzen ditu bi eite horiek, eta horretan hutsik ez egiteko bi ibilbide prestatzen dira. A izenekoan lehia da nagusi. B izenekoan, berriz, denborak hartzen dira, baina lehiatik kanpo dago. Oro har, «lasai antzean» hartu nahi dutenentzako ibilbidea da, baina batzuen batzuek bederen aurtengo aldian oso denbora onak egin dituzte. Eta, jakina, erantzuna bikaina izaten da; izan ere, aurtengo aldian 500 eskiatzaile pronto ziren bi eguneko «menua» dastatzeko.

Lasterketaren zuzendaritza taldekoek jakin bazekiten (hala zioten eguraldi iragarpenek) hasierako asmoak aldatu beharko zituztela. Eta iragarpen guztiak bete egin ziren. Oro har, lasai asko esan daiteke Altitoyk bi aurpegi izan zituela. Lehen eguna eguzkitsua izan zuten, baina, elurrak ez zuen asko lagundu. Batetik, geruza nahiko txikia zelako; eta bestetik, oso gogorra zegoelako. Hori dela eta, antolatzaileek erne egon behar izan zuten, eta, eskiatzaileen segurtasuna bermatzeko hainbat neurri hartu zituzten.

Lehiatu zirenek 2.000 metroko goranzko desnibela zuen ibilbide eder zein teknikoari egin behar izan zioten aurre. Herrikoiek, berriz, antzeko proposamena zuten, baina, hori bai, motzagoa. Aipatu dugun bezala, ia 250 talde azaldu ziren irteerako tokira. Amaitu, berriz, 213 taldek egin zuten: 120 lehiatu zirenen artean eta 93 herrikoien artean.

Lehiari dagokionez, antolatzaileek launa igoera eta jaitsiera zituen ibilbide teknikoa «marraztu» zuten. Zati teknikoenak Pic Caoubere-Le Peguek osatzen duen murruaren ingurumarian zeuden, eta lehiakideek guztira hamabi aldaketa egin behar izan zituzten. Aipatu behar da zailtasun gutxiko pare bat korridore igo zituztela, eta elurraren gogortasuna zela-eta, kranpoiak jarri behar izan zituztela. Arazo larririk gabe gainditu zituzten bi zati horiek, baina jaitsierek beste aurpegia erakutsi zuten. Oso tenteak zirenez, tentu handiz jardun behar izan zuten. Eskerrak jaitsiera horiek «lasaitzeko» antolatzaileek soka finkoak jarri zituzten!

Biharamunean, elurra

Larunbat arratsalderako zerua lainotzen hasi zen, eta, espero zen bezala, gauerako lehen elur malutak iritsi ziren. Igandeko saiorako, Luz Saint-Sauver herria eta inguruan dauden mendi guztiak zuri-zuri zeuden. Herrian, esaterako, 10 zentimetro bota zituen, eta prestatutako ibilbidean, 50 zentimetro. Jakina, beste behin, parte-hartzaile guztien segurtasuna bermatu ahal izateko, ibilbidea aldatu zuten. Askoz ere motzagoa izan zen; guztira, 700 metroko goranzko desnibela.

Nahiz eta elurra bota zuen, lehen zatia (300 metroko desnibelekoa) oinez egin behar izan zuten. Hala ere, goialdean «gozatzeko» aukera izan zen; baina, esan dugun bezala, ez zen egun borobila izan. Bi eguneko lasterketa egin ondoren, sari banaketa ekitaldia eta bazkaria etorri ziren. Aurreko lehia ofizialean bezala, Altitoyko bultzatzaile Antxon Bandresi aipamen berezia egin zioten.

Bi egunetako denborak batu ondoren, Altitoy Irekiaren irabazlea Wilfred Jumere-k eta Miguel Caballerok osatutako taldea izan zen. Bigarrenak, berriz, Pere Plana eta Pau Costa katalanak izan ziren, eta hirugarrenak, Manel Pelegrina eta Xavier Comas. Aurreneko euskal taldea Juanjo Goikoetxeak eta Javier Tirapuk osatutakoa izan zen. Hamaikagarrenak izan ziren, eta Euskadiko Taldekako Txapelketako txapela jantzi zuten. Bigarren postua Lander Alvarez eta Iñaki Uyarrarentzat izan zen, eta hirugarrena, Aitor Otxoa eta Balen Tolosarentzat.

Amets Maiztegi eta Nahia Quincocesen taldeak Euskadiko Txapelketa eskuratu zuen nesketan, eta gizonezko beteranoetan onenak Fernando Monasterio eta Carlos Imirizaldu izan ziren.

Eguraldia

Lehen egunean eguraldia lagun izan zuten, baina elur gutxi zegoen. Bigarrenean, ordea, botatako elurrarengatik ibilbidea aldatu zuten

5. aldia

Altitoy Irekiak bi ibilbide izan zituen. Bata, lehiatu zirenentzat, eta, bestea, herrikoientzat. Guztira, 213 taldek erdietsi zuten lasterketa bukatzea

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo