GARA > Idatzia > Kultura

Patrice dumora «Watson» | Musikaria

«Haurrekin lanean aritzea oso esperientzia gogor eta aberasgarria izan da»

Akizen sortu zen 1956. urtean. «Pierre, Pierrot eta Watson» taldean aritu zen lehenik. Euskal kantuaren oihartzunak eramanda euskaraz kantatzen hasi zen Juan Paquito taldearekin, eta ondoren zortzi urtez Gazteok taldean aritu zen. 1993an Akelarre talde mitikoan sartu zen, bost diskotan beraiekin parte hartuz. 2008an bakarkako lehen diskoa argitaratu zuen, «Patrice Dumora, Watson».

p059_f01.jpg

Idoia ERASO | BAIONA

Integrazio Batzordearen laguntzari esker, Seaskako ikastoletan eskolatuak dauden ahalmen urriko haurrek eta beren anai-arrebek disko bat aurkeztu zuten larunbatean. Haurrak laguntzen Manu, Watson eta Zebda taldeko Mouss eta Hakim musikariak aritu dira. Herenegun, diskoaren aurkezpena egitean, kontzertu txiki bat ere eskaini zuten haur eta musikariek Baionako Kalostrapen.

Zergatik parte hartu duzu disko honetan?

Beharrezkoa delako laguntzea, aldi berean lagunak ditut bertan eta Integrazio Batzordearen laguntza jasotzen duten haurrak ezagutzen ditut. Beharrak eta laguntasunak eraman naute disko honetan parte hartzera.

Nolakoa izan da haurrekin egindako lana?

Grabaketa egin dugu, baina hori baino lehen, dena prestatzeko lan handia izan dugu, eta oso aberasgarria izan da. Niretzat oso esperientzia ona izan da, eta haurrentzat ere bai. Batzuetan zaila zen, arreta handiz ez baitzuten lan egiten; zaila da batzuekin, baina zoragarria ere bai. Nik bizi izan dut esperientzia oso gogor eta aberasgarria aldi berean; gainera, zerbait berria egiteko aukera izan da.

Konturatu naiz gurasoen partetik lan handi-handia egin dela. Heldu den larunbateko kontzertua prestatzeko egin dutenaz gain, gurasoak beti prest ziren eta hor zeuden lan saioak egiteko, eta beti giro onean, kantu eta irri.

Zein izan da musikariek egin duzuen lana?

Abesti askoren artean aukeratu behar izan genuen, eta hiru hartu ditugu. Nire partea haurrak grabaketarako prestatzea izan da, oinarrizko moldaketak egitea. Esaten nien nola moldatzen den kopla errepika, doinu aldaketa, eta haurrekin kantatu dugu behin eta berriz, haiek ohitura hartu arte.

Gero, Manuk bere eskusoinuarekin, eta Mouss eta Hakim gitarra-jotzaileek musika ekarpenak egin zituzten. Zebdako kideek Okzitaniako Tolosan lan handia egin zuten baita.

Zer izango da disko berrian entzungai?

Hiru kantu «herrikoi» dira, eta batez ere, umeen gustukoa izatea izan da helburua. Hortaz, ez dira guztiz herrikoiak, baina hemen ezagunak direnak eta doinu erakargarria dutenak. Egin ditugu, «Aitatxiren autoa» Michel Labeguerierena, «Agure zaharra» Lluis Llachena, baina euskaratua, eta gero, «Ez goaz lanera», zerbait irringarria. Azken kantu hori egiteko segidan izan ziren ados, oso alaia denez, oso ondo pasatu zuten.

Zein da diskoaren helburua?

Integrazio Batzordekoek errango zuten nik baino hobeto, baina diru mailan egoera larrian daudenez, lehen helburua dirua biltzea da, eta haien lana ezagutaraztea ere bai. Umeentzako esperientzia polit bat izan da, umeak oso pozik izan ziren. Kontzertua egin genuen larunbatean, eta agian pixka bat urduri egon ziren haurrak, baina hiru abestiak oso gogotik kantatu zituzten eta alaitasunez.

Hiru urte pasatu dira zure azken lana argitaratu zenuenetik, zertan ari zara orain?

Otsailaren 17an kontzertutxo bat emango dut AEK-ko lokalean, Baionan, gitarraz lagundurik.

Buruan dauzkat kantu batzuk. Nahiko nuke zerbait egin, baina denbora falta dut. Posible izango banu mendian ibiltzea bakar-bakarrik gitarrarekin eta bakarrik nire musika buruan... baina ezinezkoa da momentuan.


 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo