GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

itsasoa

Pumping Pipeline Volcom Pipe Pro txapelketak negu sasoiari amaiera bikaina eman dio

Aurtengo negua itzelezkoa izan da Hawaiin. Pipelinen egin diren hiru txapelketa nagusiak, Billabong Pipe Masters, Da Hui Backdoor Shoot Out, eta Volcom Pipe Pro, oso arrakastatsuak izan dira. Hawaiiko negu sasoia amaitzear, Australiara begira daude lehiakideak.

p054_f02_148x136.jpg

p054_f03_47x40.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Negua da Hawaiin olatu onenak izaten diren sasoia. Abendua eta otsaila bitartean izan ohi dira urteko itsaski hoberenak, eta horregatik izaten da txapelketen garaia ere sasoi horixe bera.

Txapelketa ikusgarrienetakoak Pipelinen egin ohi dira. Bertako olatuak dituen ezaugarriek ikuskizuna ziurtatzen dute, eta marka izen guztiek nahi izaten dute bertan txapelketaren bat egin.

Hala ere, baldintzak beti ez dira egokiak izaten; egun batzuetan itsaskiak beste batzuetan baino ikusgarriagoak izaten dira. Aurtengo negua, zentzu horretan behintzat, paregabea izan da. Itsaski handiak, olatu ilara perfektuak, uhin lerratuak, kontrako haize ufada leunak... Itsasoak, baldintza ezin hobeak eskaini ditu.

Munduko txapelketa garrantzitsuenetakoak Hawaiin egiten dira. Zehatzago esateko Oahu irlan, are zehatzago, Oahu irlaren iparraldean, North Shore deituriko ingurune famatuan, eta eremu zehatz horretan, bi dira leku sakratuak: Waimea eta Pipeline.

Nolabait esatearren, maila espiritualean garrantzia handiena duen txapelketa Waimean egiten da eta Eddie Aikau du izena. Bertako sorosle Eddie Aikau zenduaren omenez egiten da txapelketa. Ez da edonork parte har dezakeen txapelketa; berezia da oso, eta berau egiteko beharrezko baldintzak ere oso bereziak dira.

Baldintza nagusia gutxieneko itsaski bat izatea da. Olatuek 25 oineko (7,5 metro) altuera izan behar dute, bestela ez da txapelketa egiten. Horregatik ez da urtero egiten; nahiz eta berau egiteko hiru hilabeteko epea izan, baldintzak oso gutxitan betetzen dira.

Aurten, itsaski handiak izan dira, baina ez da txapelketa egiteko adinako itsaskirik izan; beraz, oraindik ez dute egin txapelketa eta epea otsailaren 29an amaituko da (abenduaren 1ean hasi zen).

Aipatu bezala, Waimeaz gain, Pipeline da lehiaketen munduan garrantzi handiko beste lekua. Izen honek iragan historikoa du eta horrek ospe handia ematen dio lekuari.

Pipelinek ikuskizuna ziurtatzen du. Itsaskiek erraz kolpatzen dute kostalde hori, eta bertako olatuak hondartzatik oso gertu lehertzen dira. Beraz, ikusleek ur-bazterretik ikuskizunaz gozatzeko leku paregabea da. Gainera, olatuak oso indartsuak eta arriskutsuak izan ohi dira eta horrek are eta biziagoa bilakatzen du ikuskizuna.

Hiru dira Pipelinen urtero negu sasoian egiten diren txapelketa garrantzitsuenak. Lehena abenduan izaten da, Billabong Pipe Masters. Txapelketa hori da ezagunena; batetik, WCT zirkuituko azken txapelketa delako, eta, bestetik, iraganean munduko txapelketa garrantzitsuena izan zelako.

Iazko abenduan Kieren Perrow australiarrak eskuratu zuen Pipelineko koroa. Azken egunean, olatuak ez ziren oso onak izan, baina aurreko egunetan izan zen itsaskia aspaldi izandako hoberena izan zen eta ikuskizun ezin hobea eman zuten lehiakideek. Profesionalak zergatik diren erakutsi behar izan zuten eta daukaten ospea ongi irabazitakoa dela frogatu zuten.

Urte hasieran Da Hui Backdoor Shoot Out txapelketa egiten da. Txapelketa berezia da, bertakoek antolatzen dute, eta ezin du edonork parte hartu. Bertakoek bertakoentzako egindako lehiaketa da.

Da Hui Pipelineko urautsian «ordena» jartzeko sortu zen surf elkarte bat da, eta txapelketa hau antolatzen hasi zirenean honako arrazoia eman zuten kanpokoak kanpoan uzteko: «Gure urautsian egiten diren surf txapelketetan gutako askok parte hartzerik ez dugula ikusita, soilik guretzat izango zen txapelketa bat egitea erabaki genuen». Eddie Rothman elkarteko zuzendariaren hitzak dira horiek.

Aipatu txapelketa honetan ere itsaski bikaina eta olatu ezin hobeak izan zituzten. Baldintzak egokiak ez badira, bertan behera uzten dute, baina ez zen horrela gertatu, inondik inora. Irabazlea Reef McIntosh izan zen.

Hirugarren txapelketa urtarrilaren amaiera aldera egiten da, Volcom Pipe Pro. Hau ere itzelezko txapelketa izan zen. Lehen egunean baldintzak muturrekoak ziren, olatu erraldoiak eta erreka haize leuna. Hurrengo egunetan itsasoak apur bat behera egin zuen, baina, hala ere, baldintzak ikusgarriak izaten jarraitzen zuten.

Txapelketa hau ASP zirkuitukoa da. Bost izarreko WQS txapelketa bat da; beraz, ez da oso garrantzitsua (azken urteetan Zarautzen egin denaren antzekoa), baina ospe handikoa da, lehiakideek elkarren artean bakarrik ez, euren burua neurtzeko ere parada egokia baita.

John John Florence atera zen irabazle. Urtetan bere maisu eta lagun izan denari, Jamie O'Brieni, zoriontzeko asmoz besarkada bat ematera zihoan finala amaitzeko minutu bat eskas falta zenean, O'Brien irabazle zela argi baitzegoen, baina orduan ezerezetik iritsi zen olatu handi bat hartu eta hamarreko bikain bat egin zuen Florencek. Olatu bikain horri esker markagailuari buelta ematea lortu eta txapelketa irabazi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo