GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

AIZKORA | Urrezko Lehiaketa

Txapeldunek ere finalaren atarikoa jokatuko dute

Lan handia egin behar izan zuten Donato eta Ohian Larretxea menderatzeko.

p046_f01.jpg

Jon LEUNDA

Iñaki Azurmendi eta Aitzol Atutxa egungo Binakako Urrezko Aizkorako Txapeldunak ere finalerdietan izango dira, herenegun Donato eta Ohian Larretxea mendean hartu ostean, Dulantziko pilotalekuan.

Betiko moduan sei lan ezberdin egin behar izan zituzten, eta ikaragarrizko lehia egon zen bi bikoen artean, amaieran minutu erdi pasatxoko tartea besterik ez baitzen egon.

45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren bi bikoteak, eta Azurmendik eta Atutxak lortu zuten garaipena, enborra 34 kolpetan erdibitu baitzuten, baten aldea ateraz. Bigarren lanean, kana-erdikoa zutik jarrita moztu behar izan zuten, eta hor Donatok eta Ohianek buelta eman zioten lehiari, minutu eta 47 segundoan moztuta enborra. Bi segundoko tartea lortu zuten, eta bat aurretik jarri ziren.

Hirugarren lanean, erlojuz kontra bi 45 ontzako moztu behar izan zituzten, eta nafarrek berriro ere garaipena lortu zuten, minutu eta 32 segundoan burutuz lana, eta hiruren aldea ateraz. Laugarren proban erabaki zen auzia, hor Azurmendik eta Atutxak lortutako abantaila erabakigarria izan baitzen. 45 ontzako bat zutik jarrita eta beste bat etzanda jarrita moztu behar izan zituzten, eta gipuzkoarrak eta bizkaitarrak bi minutu eta 8 segundoan amaitu zuten lana, eta 2 minutu eta 27 segundoan, berriz, aizkolari nafarrek.

Ondoren, bi 60 ontzako zeinek azkarrago moztu neurtu ziren. Bi bikoteek lau minutu eta 16 segundoan burutu zituzten lanak. Ekinaldia amaitzeko, seina kana-erdiko moztu behar izan zituzten txanda librean, eta Azurmendik eta Atutxak 9 minutu eta 2 segundoan amaitu zituzten lanak. 9 minutu eta 23 segundoan, berriz, Donatok eta Ohian Larretxeak. Lan guztiak burutzeko, 19 minutu eta 24 segundo behar izan zituzten Azurmendik eta Atutxak. Donatok eta Ohian Larretxeak, berriz, 20 minutu behar izan zituzten.

Asteburu honetan Zilarrezko Mailako bi kanporaketa ere jokatu dira. Herenegun Jauregik eta Zubiagak kanporatu egin zituzten Zaldua eta Irazabal. Zaldua Kañamaresen ordez aritu zen. 11.46 izan zen irabazleen denbora eta 12.21 galtzaileena.

Juan eta Juanillo Rodriguezek, berriz, Erdozia eta Beltza menderatu zituzten. Segoviarrek lanak 14 minutu eta 13 segundoan amaitu zituzten, eta nafarrek, berriz, 15 minutu eta 56 segundoan. Gaztela eta Leongo bikoak irabazteaz gain, oso itxura ona eman zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo