GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Pilota | Berezkoak

Ezkurrak eta Waltarik erraz egin dute aurrera

p046_f02.jpg


J.L.

Ez zen ezusterik izan final-laurdenetako azkeneko bi kanporaketetan, eta finalaurrekoetan aritzeko falta ziren bi txartelak Paxkal Ezkurrak eta Agusti Waltarik lortu zituzten atzo, Arrangoitzen.

Lapurtarrak eta kubatarrak oso neurketa errazak izan zituzten, eta gehiegi behartu gabe lortu zituzten garaipenak. Dudarik gabe, txapelketako partidarik ahulenak izan ziren, nahiz eta egia den horrelako desorekarik ere ez dela izan aurreko neurketetan. Waltarik 40 eta 14 irabazi zion Alfarori 32 minututan. Emaitzak, eta neurketak iraun zuen denbora ikusita, ia dena esana geratzen da. Amerikarra jaun eta jabe izan zen, eta 25 kintze egin zituen sakez. Egindako tanto guztien erdiak baino gehiago izan ziren hasierako jokaldiarekin, eta Waltarik lehen jokaldian kintzea amaitzen ez baldin bazuen, askotan bigarrengoan egiten zuen, eta horrela ezin ikuskizun handiegirik ikusi.

Alfarok ahal zuena egin zuen, baina bien arteko aldea sekulakoa da, eta horrelakoetan ahalik eta lanik txukunena egitea besterik ez zaio geratzen ahulena denari, eta horixe egin zuen Alfarok. Amaieran Waltarik finala jokatzeko lehen urratsa eman zuen, nahiz eta finalerdietan gauzak askoz ere zailago izango dituen amerikarrak, edo horrela komeni da.

Bigarren partida ere ez zen askoz hobea izan, hemen Ezkurraren eta Bonebeltxeren artean dauden aldeak ikusi baitziren. Hori bai, azken honek ez zuen erakutsi dakien guztia. Ezkurra bezalako pilotari baten aurka dena ongi egiten ez bada, ez dago zereginik, eta Urruñakoak dena oso erraz izan zuen.

40 minutu iraun zuen partidak, eta markagailua honela joan zen: 5-2, 6-3, 22-6, 25-15, 24-16, 24-18, 28-19 eta 40-19. Saketik 9 tanto egin zituen Ezkurra II.ak, eta 2 besterik ez Bonebeltxek.

Finalerdiak

Beraz, datorren igande arratsaldean jokatuko dira finalerdiak Baionan, Moderne trinketean, 16.00etatik aurrera, eta partidak oso erakargarriak geratu dira.

Lehen finalerdian Ezkurra eta Waltari neurtuko dira. Hau da, dudarik gabe, zaleek ikusi nahi zuten partida. Azken urte hauetako bi onenak izan dira, eta Urruñakoak lesioekin izan dituen arazoak kontuan hartuta, berriro ere maila honetan ikustea oso berri pozgarria da.

Bigarren finalerdian Ozafrain eta Etxeberri neurtuko dira. Azken hau hemen ikustea inork ez zuen espero, baina lapurtarrak Kurutxari bazterrean utzi du, eta merezimendu osoz sartu da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo