Xabier Izaga | Kazetaria
Nagusiaren negar eguneratuak
Ostegun gauean, afaldu ondoren, ETB1 jarri eta «Baionatik Bilbora» emanaldiaren bukaera ikusi nuen. Pena, lehenago gogoratu ez izana. Pantxoa eta Peiok «Kanta zak euskalduna» eta «Batasuna» abestu ondoren, Errobi agertu zen. Bai, aspaldiko Errobi; Anje Duhalde eta Mixel Ducau, alegia. Bizpahiru abesti kantatu zituzten, tartean «Gure lekukotasuna» eta «Gure zortea». Eta nik, arratsalde hartako albiste nagusiaren jakitun, «Nagusiaren nigarrak» espero nuen, kontzertua -uste dut- joan den abenduaren 20an Bilboko Euskaldunan grabatu zutela kontuan izan gabe. Baltasar Garzonen negarrak nituen gogoan, baina Daniel Landarten poemak ez ditu epaileen negarrak hizpide, ugazabenak baizik: «Gure nagusia, gaixo nagusia/ goizetik arrats ta urte guzia/ nigarrez, nigarrez, nigarrez/ nigarrez ari da».
Egia esan, txantxa hark, edo behinik behin hala balitz bezala abesten genuenak, garai honetan ez du ironia izpirik. Ugazabek ez ezik, gobernariek ere behin eta berriz esaten digutena da. Etengabe oharrarazten gaituzte gure ugazaben zoritxarraz eta haien egoera larria ulertu eta arindu beharraz: «Nagusiaren, nagusiaren/ nigarrez artzera ez uzteko/ kontsolatu beharko dugu». Baita erremedioak eskaini (edo ezarri; hori bai, denon onerako) ere: «Ta nagusiaren kontsolatzeko/ langile, langileek/ irabazi berarentzat/ lan gehiago egin beharko!». Eta jarraibideak zehazten dizkigute: «Langileak ez du lanari baizik pentsatuko/ ta greba horiek, greba zikin horiek/ bazterrera utziko».
Krisi garaian hazkunde ekonomikoa sustatzeko neurriak dira, baina ez dira berriak. Gobernuak azken urteotan indarrean jartzen ari diren neurriak Daniel Landartek idatzita baitzeuden aspaldi handitik. «Lan eta lan beti lan eta lan/ beti lan eta lan beti lan.../ beti... beti... beti... beti...». Beti ez, ordea. Izan ere, Landarten poemak ez du jasotzen Madrilgo Gobernuak atzo onartu zuen lan erreforma. Nire lagun langabe batek ondu berri du falta duen ahapaldia: «Nagusiak lanetik zaitu egotziko/ ta kaleratzearen eskertzeko/ kalte-ordaina diozu eman beharko».