GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Nika Lertxundi, Amaia Iribar, Aitor Irigoien | Getariako Udal Gobernuaren izenean

Getariako Udal Gobernuaren oharra

Getariako EAJko udal taldeak zein bertako zinegotzi Andoni Aristik azkenaldian prentsara igorri dituzten hainbat ohar eta artikulu direla-eta, Bilduk osatzen duen Getariako Udal Gobernuak erantzun bat ematea beharrezko ikusi du. Orain arte beraien joko horretan ez sartzeko erabakia hartu dugu. Baina azken idatzietan adierazitako hainbat konturen larritasuna ikusita, ohar hau publikatzea erabaki dugu.

Lehenik eta behin, abenduaren 19an egin genuen herri aurkezpenaren izenburua ez zela «2007-2011 Kontuak Garbi» izan (EAJk dioen bezala) adierazi nahiko genuke, «Kontuak garbi: Getariako Udaleko egoera ekonomikoa» baizik. Deialdia Udal Gobernuak egin zuen, eta aurrez gainerako bi alderdiei ere eman genien gure asmoen berri. Aralarreko kideak bat zetozen gurekin horrelako aurkezpen bat egin beharra zegoela. Aurkezpen hartan, herriari Udalean topatu genuen egoera ekonomikoaren berri eman genion, Udaleko datu errealetan oinarrituta.

Eskaini genituen datu guztien azalpenak eta justifikazioak esku artean genituen, eta aurkezpenean bertan hori oso garbi geratu zen. Bertaratu zirenek argi ikusi zuten hori.

Udalaren egoera ezagutzea guretzat ere lan handia izan da. Eta horretan, udal langileekin zein Aralarrekin izandako elkarlana erabat aberasgarria suertatu da.

Aurkezpen horrek orain arte agintean egon den EAJri soilik eragin dio haserrea eta ezinegona. Guk, hauteskundetan hitz eman bezala, herriari informazioa helarazi besterik ez dugu egin. Aurkezpenaren inguruko kritikez harago, sei hilabeteren ostean herrian ez dagoela ezer berririk eta hilabete horiek denak galdu ditugula idatzi dute EAJkoek. Eta aurrera begira ez dakigula nora goazen. Lehen hilabete hauek Udalean kokatzeko eta bertako egoeraz informatzeko baliatu ditugu, eta herriko elkarteekin eta gainontzeko administrazioekin bildu eta harremanak sakontzeko. Herriak funtzionamenduan jarraitu du, sortu diren arazo eta erronkei irtenbideak eman dizkiegu, eta gauzak egiteko modua aldatzeko bidean ere urratsak egin ditugu.

Aurreko puntuarekin lotuta, udal gestiorako gaitasunik ez daukagula errepikatu dute hainbat aldiz. Halako jarrera eta akusazioen aurrean, gaineratzeko ezer gutxi dugu. Ez da gure estiloa, eta ez gara euren mailara jaitsiko. Getarian ez ezik, gainontzeko herri ugaritan erabiltzen ari diren argudioa da, inolako oinarririk gabea. Ez gara deskalifikazioen eremuan barneratuko. Begirunea gauza guztien gainetik zaindu beharreko balorea dela iruditzen zaigu.

Herri aurkezpena kritikatzeaz gain, azken bi asteotan gogor jo dute urtarrilean Bildu eta Aralarren artean adostu eta onartu genuen 2012ko behin-behineko aurrekontuaren aurka.

Behin-behineko aurrekontuaren lanketan beraiek ez ditugula kontuan izan ere leporatu digute. Azken udalbatzan erantzun genien moduan, elkarlanerako bi aldeen borondatea egotea ezinbestekoa da. Beraz, beraiek parte hartu ez izatearen arrazoia jakiteko, euren buruari egin beharko diote galdera... 2012ko aurrekontuetan, elkarlanerako prest zeuden eragile eta alderdi guzti-guztiek hartu dute parte: Getariako Bildu osatzen duten sentsibilitate guztiek (ezker abertzalea, Eusko Alkartasuna, Independenteak) eta Aralarrek.

Horrez gain, «Artzape» herri aldizkariari zein UEMAri bideratutako diru partiden aurka gogor azaldu dira, bi partida horiek herrian dagoen langabeziarekin nahastuz, inolako zentzurik gabe. Argi adierazi genuen azken batzordean herri aldizkariaren egoera larria medio, neurri puntual gisa, aurten martxan jarraitu ahal izateko laguntza ematea egoki ikusten genuela. UEMAn sartzea ere ezinbestekotzat jotzen dugu, azken legealdian euskarari dagokionez eman diren atzerapausoak direla-eta.

Arkitektoaren gaia ere sarri ateratzen dute mahai gainera. Lehendik zegoen arkitektoa, bere borondatearen aurka erretiratu eta kalera bota nahi zutela ez dute aitortzen, ordea. Eta arrazoi hori dela medio kontratatu zutela bigarren arkitekto bat aurreko legegintzaldian. Gu boterera iristean beraz, bi arkitektorekin topatu ginen. Eta hau erabat gehiegizkoa zen Getaria herri txikia izanda.

Ondorioz, irizpide operatiboetan eta ekonomietan oinarrituz, bi arkitekto izatetik bat izatera pasatzeko erabaki zaila hartu beharra izan genuen. Ez dakigu honekin guztiarekin nora iritsi nahi duten.

Hainbat proiektu geratu eta baztertu ditugula ere salatu dute. Eta hori ez da horrela. Orain artean ez dugu herrian zegoen proiektu bakar bat ere geratu. Guztiak ongi aztertzen eta osatzen ari gara, eta aurrera eramateko aukera egokienak bilatzen.

Azkenik, Andoni Aristi zinegotziak aurtengo diru laguntzen partida hirukoiztea litzatekeela normalena adierazi zuen bere azken gutunean, horretarako ateak jo behar direla gaineratuz. Administrazio desberdinen aurrekontuak eta aurreikuspenak begiratuz, argi dago guztietan diru laguntzen partidek beherakada nabaria izan dutela. Beraz, ez dakigu zein atez mintzo den Andoni.

Hori guztia argituta, Getariako herriari adierazi nahi genioke, hitz emandakoa gauzatzeko ahaleginean jarraituko dugula, gauzak egiteko modua aldatzen, herritarren partaidetza etengabe sustatzen. Informazioan eta gardentasunean oinarrituz, herriak bozkatu zuen aldaketa gauzatuz. Orain arteko ilusio, gogo eta konpromiso berarekin.

(*) Artikulu hau Amets Etxabe eta Gorka Bordagarai Getariako udal gobernukideek ere sinatzen dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo