GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Berruetatarrei zor: egia, aitortza eta erreparazioa

Duela zortzi urte Angel Berrueta hil zutenetik ez da biktimenganako horren sentsibilitate handia omen duten instituzioen ekimenik izan, Berruetak eta haren familiak jasandako bidegabekeria ikaragarria aitortu eta erreparatzeko, ezta gertatutakoaren gaineko egia osoa agertzeko ere. Batzuengan biktimenganako irainak baino ikusten ez dituzten horiek ez dira hurbildu ere egin Berruetaren familiarengana. Aitzitik, familia horrek jazarpen poliziala eta mehatxu ugari jasan ditu, eta Iruñeko Udalak Donibaneko auzotarrek Angelen oroimenez jarri zuten plaka kendu egin zuen. Angel Berrueta ez zen istripuz hil, ezta auzotarren arteko istiluen ondorioz ere, baizik eta gatazka politiko baten testuinguru ukaezinean, polizia batek eta haren semeak hil zuten, Berruetak beren jarrera faxistari men egin ez ziolako. Berrueta Gurasoak elkarteko kide zen, semea, Euskal Herriko dozenaka gazte bezala, bere jardun politikoagatik kartzelan izan zelako. Polizia batek eta haren semeak hil egin zuten, baina bultzatzaile asko izan ziren bi egun lehenagotik, Madrilgo Gobernuak eta beste instituzio batzuetako arduradunek eta hainbat hedabidek sortu baitzuten Berruetari erasotzeko giro aproposa, gezurra tarteko. Gerora ez dira gauza izan gutxienez Angel Gogoan plataformak atzo eskatu zuena, Berruetatarrei zor zaiena, emateko: egia, aitortza eta erreparazioa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo