Josep M. Sert, ganbaran harrapatutako haur bat bezala, San Telmon
San Telmo museoko erakusketak Josep M. Sert-en (Bartzelona, 1874-1945) bertze ikuspegi bat ematen du bere argazki abangoardisten bidez. Artista honek eszena oso bat eraikitzen zuen, antzerki txiki bat, eta ondotik argazkia egin, horretatik abiatuta pintura bat sortzeko.Maider IANTZI | DONOSTIA
Donostiako Zuloaga plazako San Telmo museoko klaustroan barna igaro eta «Josep M. Sert. Modeloaren argazki artxiboa» izeneko erakusketa jarrita dagoen aretora sartzean, artista kataluniarraren mihise ikusgarriekin egin genuen topo. Barrenerago, berriz, txikiagoak diren eta lehendabiziko begiratuan hain deigarriak ez diren argazkietan harrapatuta gelditu ginen. Maria del Mar Arnus komisarioak kontatu zuenez, eszenografia osoa muntatzen zuen Sertek estudioan, Leonard Mancini bere modelo eta laguntzailearekin batean.
Tailer bat muntatu zuen Sertek Parisen eta han hasi zen lanean Mancini 12 urte baino ez zituela, aitona ere modeloa zuen eta haren bidez. Hagitz erreala egiten zuen maisuak eszena guztia: buztinezko zaldiak egiten zituen; jostun bati eskatzen zion oihal eta jantziak josteko, itzalak eta testurak ikusi nahi zituelako; hezur-haragizko modeloekin ere lan egiten zuen... Gero, argazki bat egiten zion guztiari, hortik abiatuta pintatzeko. Erakusketako argazkiak Manciniren artxibokoak dira.
Nabigatzaileen argazki bat, arrantzaleen bertze bat, merkatariena... Inoiz erakutsi gabeko hemeretzi argazki berritu, katalogatu eta zintzilikatu dituzte. Museoko elizako mihiseen ekoizpen prozesuarekin daude zuzen-zuzenean lotuta eta iaz Kataluniako Santa Monican Serti buruz egin zuten erakusketako lanekin batera ikus daitezke Echeverritarren Kaperan eta Sakristia Berrian.
Esperimentatzen
Maria del Mar Arnusen esanetan, argazkiok ikusgarriak izateaz gain, Serten lanen metamorfosia azaltzen digute eta ibilbide artistikoa Parisen garatu zuen pintore honen bertze perspektiba bat eman. Gizakiaren gorputzaren aukeren inguruan esperimentuak egiten zituen eta hurbilekoenaz baliatzen zen munduari buruz zuen kontzeptua eszenifikatzeko, tailerreko hondakinez adibidez. Ganbaran harrapatuta gelditzen den haur bat bezala ibiltzen zen.
Komisarioak erantsi zuenez, interesgarria da erakusketa argazkiaren, marrazkiaren, barne arkitekturaren eta pinturaren hurbiltasunaren froga delako. Sertek denak menperatzen zituen. «Momentu historiko honetan, mundua barrokoago bihurtzen ari den eta gizakia txotxongiloagoa den honetan, ongi dago Serti begiratzea. Hala egiten ari dira Parisen; laster irekiko dute nazioarteko erakusketa handi bat berari buruz, eta Donostiakoa haren atarikoa litzateke», agertu zuen. Bozeto batzuk hara bidali dituzte.
Bozeto gisa erabiltzen zituen argazkietan hagitz ongi ikusten da laukitua, gero, laukiz lauki irudia handitzen joaten baitzen artista, mihise erraldoiak osatu arte. Txikitik abiatzen zen handira iristeko eta teknika hori landuko dute museoko tailer batean neska-mutilekin. Bertze lantegi batean, argazkietan hainbertze agertzen diren forma geometrikoak ikertuko dituzte.
Manel Guerrerok, Arts Santa Monicako arduradunak, azaldu zuen harrigarriena dela argazki hauek ez direla erakusteko eginak. Sert-entzat tresnak ziren, bere pintura eta mural handiak eraikitzeko. Halere, «argazkiok pinturek baino gehiago iradokitzen dute agian».
Lekua: Donostiako San Telmo museoa.
Data: Gaurtik maiatzaren 20ra.
Ekintzak: Erakusketarekin batera, hitzaldiak eta ikastaroa antolatu dituzte, baita bisita gidatuak eta tailerrak ere eskola eta familientzat.