GARA > Idatzia > Kultura

NARRAZIOAK

Sentiberatasuna detaileetan

p049_f01.jpg

Iban BALERDI

Katherine Mansfield 1888an sortu zen Zeelanda Berrian, eta 34 urte besterik ez zituela Frantzian hil zen, tuberkulosiak jota. Bizitza labur bezain zorigaiztokoa izan zuen. Garaiko arau sozialei aurre egiteagatik, bere familia aberatsak baztertu egin zuen maila afektibo nahiz ekonomikoan. Maitasun istorio tirabiratsuak izan zituen, hainbat gaixotasun pairatu, baita abortu bat ere. Hala eta guztiz ere, 73 ipuin idazteko beta izan zuen. Geroztik, istorio laburren generoko maisu handienen pare jarri dute kritikari ugarik. Berritzailea jorratutako gaiei eta erabilitako teknikei dagokienez, ondorengo idazle askorengan eragin nabarmena izan du.

Aipagai dugun narrazio liburua, bere literatura ibilbideko hirugarren eta azkena izan zen, aurretik «Alemaniako pentsio batean» (1911) eta «Zoriona eta beste ipuin batzuk» (1920) idatzi baitzituen. Dena den, ezagun bihurtu baino lehen, ipuinetako asko aldizkarietan ere argitaratuak izan ziren. «Lorategiko festa» hamabost ipuinek osatzen dute, eta berauetan autoreak, eguneroko detaile txikietan jartzen du arreta, bizitzaren zoriontasun, oroimen, desio, beldur eta abarren giltza duten horietan, alegia. Mansfield-ek gizakion jokabideak xehe deskribatzen ditu, ematen dituen detaile horiekin guztiekin, kontu txikiak diruditenak garrantzitsu ikusarazteraino. Irakurlearengana zuzenean barik, zeharkako bide batetik heltzen saiatzen da, eta honek zenbaitetan, beharrezko bihurtzen du bigarren irakurraldi bat ere.

Liburuari izena ematen dion narrazioan, festa batetik hurbil gertatutako heriotza bat kontatzen zaigu. Hildakoa behartsua da eta festako partaideak dirudunak. Festa bertan behera gelditu behar al litzateke? Logika gailenduko da, noski. Gainera, bizi duen errealitatearen aurrean protagonistak duen mina eta galduta egotearen sentsazioa itogarriak ere gerta daitezke pasarte batzuetan.

Lehenengo ipuinean, «Badian» deiturikoan, pertsonaia andana azaltzen da, bakoitzak sentitzen duena edo bakoitzari gertatzen zaiona kontatuz. Udara, opor garaia, umeak hondartzan jolasean beren ama eta zaintzaileekin. Eguneroko bizitzaren irudiak agertzen dira, noizean behin halako ezinegona sortzen duten elkarrizketak tartekatuz. Beste hainbatetan bezala, idazleak anbiguotasuna erabiltzen du, galderak irekita utziz, norberak erantzun diezaien.«Koronel zenaren alabak» izenekoan, pertsona moduan ezinduak geratu diren emakume batzuk azaltzen dira, aita hil ondoren ere harrapatuak baitaude bere atzaparretan. Onartu eta jasan beharreko egoerak izango ziren ziur asko, garaiko jokaera arruntak. Galderak, aldiz, denboraz gaindikoak: sufriarazten digun errealitate ezaguna, ala ezagutzen ez dugun eta nolakoa izango den ez dakigun etorkizun berria dugu nahiago? Ba al dugu aukeratzerik bien artean?

Laburbilduz, sentiberatasun handiko idazle eta obra baten aurrean gaudela sumatzen da. Behin eta berriz irakurri eta detaile berriak etengabe topa daitezkeen narrazio sorta honek gozatzera, sufritzera eta galderen erantzuna hausnartzera eramango du irakurlea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo