Literatur kritikaria | Estibalitz EZKERRA
Utopiaren utopia (I)
Arabiar udaberriaren eta Occupy! mugimenduaren harira, utopia eta iraultza mintzagai dituzten hitzaldi, kongresu, argitalpen eta dena delakoak ugaritu egin dira azken hilabeteotan. Ekimen horien guztien oinarrian helburu bikoitza dago: batetik, gertaerak bere horretan aztertzea, haiek bultzatu dituzten faktoreak hobeto ulertu ahal izateko; bestetik, eta aipatu jarreratik abiatuta, Iraultza Frantsesaren garaitik Mendebaldean bete gabeko promesa izan dena, hots, sistema errotik aldatuko duen iraultza egitea, betetzearen aukeraren gainean gogoeta egitea. Alegia, iraultza oraindik posible ote den ala utopia hutsa den eztabaidatzea da kontua.
Hainbat pentsalarik adierazi duten bezala, iraultzak gaur egun duen esanahia (apurketa, hasiera berria) kontzeptu modernoa da, eta Iraultza Frantsesari zor zaio hura gure hiztegian sartu izana. Hannah Arendtek «Über die Revolution» lanean azaltzen duen bezala, 1789ko gertaeren aurretik iraultza hitzak bestelako esanahia zeukan. Machiavellirentzat, esaterako, berrikuntza adierazi nahi zuen iraultzak, hau da, sistemari behar ziren aldaketak egitea, baina sistema bera zalantzan jarri gabe.
Frantziako Iraultzaren garaian, baina, aldaketa garrantzitsua gertatu zen historia eta hartan gizakiek zuten parte hartzea ulertzeko moduan. Are gehiago, Historiaren hasiera genuke une hura, oraina eta iraganaren artean jarraikortasuna zegoela pentsatzera iritsi zen heinean. Diskurtso honen isla dugu Hegelen lana, historiaren filosofiaren aitzindaria. Hegelek, hain zuzen, mundu materiala aztertzeko tresnak eman zizkigun, eta ondo aprobetxatu zituen haiek Marxek.