GARA > Idatzia > Euskal Herria

Errauste plantaren gaineko azken erabakia GHKri dagokiola dio Garitanok

Martin Garinato Gipuzkoako ahaldun nagusiak atzo Batzar Nagusietan azaldu zuen Zubietako errauste plantaren inguruko azken erabakia Hondakinen Patzuergoaren esku dagoela, udalak direlako hondakinak bildu eta kudeatzeko eskumena dutenak.

p017_f01.jpg

A.A |

Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanok Zubietako plantaren inguruko azken erabakia Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa sozietateari dagokiola berretsi zuen atzo Batzar Nagusietan. Horrez gain, Bilduk eta EAJk aurrekontuak aurrera ateratzeko sinatu zuten akordioa «goitik behera» beteko dutela esan zuen, «zentzuzko» hitzarmena delako. Era berean, sei hilabeteko epean, ekainaren 30a bitartean, hondakinen tratamendua aztertzeko epea irekitzea erabaki zutela eta Bilduk ez duela «atzeraezina den» erabakirik hartuko adierazi zuen.

Rafaela Romerori (PSE) erantzunez, Batzar Nagusiei «planifikazio on bat egitea» dagokiela esan zuen, baina ordaintzen dutenak udalak direla. «Euren eskumena da hondakinak bildu eta kudeatzea», mankomunitateen bitartez.

Arratsaldean, hala ere, Markel Olano EAJko Batzar Nagusietako bozeramaileak ohar baten bidez adierazi zuen Batzar Nagusiak direla, eta ez partzuergoa, errauste plantaren gaineko erabakiak hartu behar dituztenak.

Era berean, zenbait komunikabidek atzo argitaratu zuten informazioari eutsi eta energia berriztagarrien diru sariaren inguruko azalpenak emateko eskatu zion Olanok Aldundiari, goizean Romerok egin bezala. Joan den ostegunean, Espainiako Kongresuak energia berriztagarrien proiektu berrientzako diru sariak kentzea onartu zuen, epemugarik gabe. Horrek Zubietako proiektuari zuzenki eragin diezaioke. Patzuergoari galdetuta, Madrilen onartutako neurriak eraginik izan ote dezakeen aztertzen ari direla azaldu zuen.

Txingudi, hausnarketa garaia

Bestalde, Txingudiko Zerbitzuak hondakinen kudeaketaren etorkizunari buruzko hausnarketa prozesua irekiko duela jakinarazi zuen atzo. Erabakia Aldundiko Ingurumen diputatu eta GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketako lehendakariarekin bildu ondoren hartua dela azaldu zuten.

Auzitegi Gorenak 2011ko abenduaren 7an igorritako sententziak Bidasoako Mankomunitatea GHKra gehitzea baliogabetu zuen.

EAJ

Markel Olanok (EAJ) atzo arratsaldean prentsa ohar baten bidez adierazi zuenez, Batzar Nagusiek hartu behar dute Zubietako errauste plantaren gaineko erabakia, ez mankomunitateek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo