Bilboko Konpartsek inauteri herrikoiak bultzatzeko ekitaldiak antolatu dituzte
Jon ADAN |
Bilboko Udalak inauterietako desfilea Kale Nagusian barrena egitea debekatu duela-eta, Bilboko Konpartsek, «Azkuna erregina absolutistaren herrialde harrigarrian», desfile alternatiborik ez egitea erabaki dutela jakinarazi zuten atzoko prentsaurrekoan. Era berean, inauterietan, Aste Nagusian eta beste edozein jaitan, «era duin eta efektiboan» parte hartzeko nahia erakutsi zuten.
Bestalde, Bilboko Udalaren «ezezko etengabearen» gainean hausnarketa batzuk plazaratu zituzten: Udala Batzorde Mistoa «operatibitate ezan» lurperatzen eta jai ereduaren eredu misto eta parte hartzailea arrisku bizian jartzen ari dela nabarmendu zuten. Bestetik, Iñaki Azkuna alkatearen gustukoa ez den edozein aldarrikapen sozialek berehalako zentsurarekin topo egiten duela salatu, eta bere «ego» erraldoia Bilboko jai esparruan gatazka sortzaile iraunkorra dela gogorarazi zuten. Hala ere, konpartsak egoerari buelta emateko prest azaldu ziren, elkarlanean benetako jai herrikoi eta parte-hartzaileak bultzatzeko.
Aurtengo egitaraua
Gauzak horrela, aurten ere hainbat ekintza antolatu dituzte; beraz, konpartsek leku nabarmena izango dute aurtengo inauterietan. Etzi, Plaza Barrian, eguerdiko 12.00etatik aurrera, Tostada eta Pontxe Lehiaketa izango da. Datorren ostegunean (otsailak 16), Plaza Barrian hau ere, arratsaldeko 19.30ean Farolin eta Zarambolaren epaiketa egingo dute, eta, 20.30ean, Trapu Zaharren Kalejira egingo dute Alde Zaharrean, Goloka eta Koblakarik taldeekin, elektrofanfarriarekin eta konpartsekin.
Larunbatean (otsailak 18), erraldoiak, gaitariak, fanfarriak, txistulariak, malabare jokoak, batukadak eta ehunka konpartsero, kuadrilla eta herritar ibiliko dira egun osoan Bilboko kaleetan, satira eta ironiaz josiriko mozorroak jantzita. Igandean (otsailak 19), Areatzak, goizeko bederatzietatik aurrera, indaba txapelketa hartuko du. Asteartean (otsailak 21), Plaza Barrian 19.30ean, Sardinaren Ehorzketa egingo dute.