Rio de Janeiroko suhiltzaile eta poliziek ere greba hasi dute inauterien atarian
Rio de Janeiroko suhiltzaileek eta polizia militarrek greba hasi zuten ostegun gauean, soldata igo diezaietela eta Benevenuto Daciolo sindikalista aske utz dezatela exijitzeko. Greba honek, bai eta Salvadorrekoak ere, astebete barru hasiko diren inauteriak arriskuan jarri dituzte.
GARA |
Inauteriak hasteko astebete eskas besterik falta ez denean, Rio de Janeiro estatuko poliziek eta suhiltzaileek greba mugagabea hastea erabaki zuten ostegun gauean Cinelandiako plazan egin zuten batzarrean. Soldaten igoera eta lan-baldintza hobeak aldarrikatzen dituzte, nahiz eta herenegun Gobernuak soldataren %39ko igoera mailakatua onartu. Horrez gain, Benevenuto Daciolo suhiltzaile eta buruzagi sindikalista aska dezatela ere eskatu zuten. Ostegunean atxilotu zuen Poliziak Salvadorretik bueltan. Hango grebalariei sostengua emateko joan zen Salvadorrera.
«Hiritarrok, zuekin gaude. Lasai egon. Etxetik ez ateratzeko, zuen seme-alabak ikastetxean ez uzteko eta dendak ixteko eskatzen dizuegu soilik. Garrantzi handikoa da bizitza babestea», plazaratu zuen Thiago Rodrigues dos Reis polizia militarrak.
Greba horrek bat egiten du Salvadorreko poliziek duela hamaika egun hasi zutenarekin. 200 bat poliziak Legebiltzarra bederatzi egunez hartu zuten, beraien senideekin batera. Armadak eraikina inguratu eta indarrez aterako zituztela mehatxu egin ostean, beraien kabuz atera ziren grebalariak. Horien bozeramailea, Marco Prisco, atxilotu zuten.
Itxialdia bertan behera utzi zuten arren, grebarekin jarraituko dutela ohartarazi zuten. Protestak dagoeneko 120tik gora hildako eragin ditu Salvadorreko estatuan, ohiko batez bestekoaren bikoitza. Hilketa gehienak hiriburuan gertatu dira.
Dilma Rousseff presidenteak gogor gaitzetsi zuen Salvadorreko greba. «Demokrazian aldarrikapen guztiak dira zilegi, baina hilketak areagotzea, autobusak erretzea edo horietan txanoekin estalita sartzea ez da bidezkoa». Horrelakoak egin dituztenentzat barkamenik ez dela izango gaineratu zuen.
«Hiritarrak entzun, suhiltzaileok eta polizia militarrok laguntza behar dugu. Grebak iraun artean, arren eskatzen dizuegu hiriko kaleetatik ez ibiltzeko», esan zuten grebalariek.