Aizkora | Urrezko lehiaketa
Otaegik eta Otañok faborito izaten jarraitzen dute
Zizurkilgoak eta Ibarrakoak lehen finalerdia jokatuko dute bihar Uribarri Gaubean, Juanjo Lopezen eta Ander Erasunen aurka. Orain arte emandako itxura ona baieztatu nahi dute kanporaketa erabakigarrian.
Jon LEUNDA
Unai Otañok eta Joseba Otaegik orain arte egin duten guztia baieztatu beharko dute bihar Uribarri Gaubean, han jokatuko baitute Urrezko Aizkorako finalerdia. Orain arte erakutsitakoaren arabera, faboritoak dira, baita txapela lortzeko ere, baina lehenengo, finalerdia irabazi behar dute. Aurrez aurre Juanjo Lopez eta Ander Erasun izango dituzte.
Gipuzkoako bikoak sekulako maila eman zuen lehen fasean, eta finalerdiak zuzenean jokatzeko txartela eskuratu ostean, faborito izatera ere iritsi dira. Aurrean biko arriskutsua izango dute, beterano bat eta gazte bat izango baitituzte. Lopez egungo onenetarikoa da, eta alboan, Erasun gazteak sekulako lana egiten du. 21 urte besterik ez dituen arren, goiko mailara heltzen ari da, eta Ibarrakoak eta Zizurkilgoak lan handia egiten ez baldin badute, finaletik kanpo gera daitezke. Betiko moduan, sei lan egin beharko dituzte, eta orotara egindako denbora aintzat hartuta, erabakiko da zein sailkatuko den Azpeitiko finala jokatzeko.
Zilarrezkoa
Zilarrezko Mailan, berriz, bi kanporaketa jokatuko dira gaur eta bihar. Leitzan, 19.30etik aurrera, oso kanporaketa erakargarria izango da. Alde batetik, Ruben Saralegi eta Arkaitz Olano -biak Leitzakoak- Irazuren eta Lasaren aurka neurtuko dira. Kanporaketa estua izan daiteke, baina balliteke azken biak ateratzea irabazteko faborito.
Bihar, Urrezko Aizkorako saioarekin batera, Vicente eta Resano Juan eta Juanillo Rodriguezen aurka lehiatuko dira Gaubean. Lehen bikoa aterako da irabazteko faborito. Gaztetxoen mailan, gaur Olano II.a eta Vicente II.a Eneko Saralegiren eta Larrea III.aren aurka arituko dira Leitzan.