Euskal literaturako ahotsetatik, gatazka politikoaz gogoeta eginen dute Konstantzan
Maider IANTZI | DONOSTIA
Heldu den astelehenean eta asteartean «Euskal kultura eta gatazka politikoa» izeneko sinposioa eginen dute Alemaniako Konstanz Universitat-en, Etxepare Institutuaren eta unibertsitate horren ekimenez. Atzoko aurkezpenean kontatu zutenez, euskal hizkuntzaren eta kulturaren inguruko irakurletza sortu dute bertan, alemaniarrek euskal kulturarekiko eta literaturarekiko interes izugarria baitute. Horiek egin zuten sinposioa antolatzeko eskaera, izenburua eta edukia ere proposatu zituzten, eta euskaldunek kultur edukia jarri dute. Juan Aranzadi, Jesus Casquete, Francisco Letamendia eta Gonzalo Alvarez Chillida historialariak izanen dira sinposioan; Jose Ramon Uriarte, Maitena Etxebarria, Mari Jose Ezeizabarrena eta Itziar Mendizabal hizkuntzalariak; eta Imanol Murua kazetaria eta Arantxa Urretabizkaia, Harkaitz Cano eta Iban Zaldua idazleak.
Idazleek emanen diete, hain justu, amaiera ekimenari, solasaldi batekin eta literatura testu batzuk irakurriz: Canoren «Twist», Urretabizkaiaren «Koaderno gorria» eta Zalduaren «Bibliografia» ipuina. Ruper Ordorikak abestuko du horren ondotik. Mari Jose Olaziregi Etxepareko Euskararen Sustapen eta Hedapenerako zuzendariak euskal literaturak gatazkari edo gatazkei egiten dien ekarpena nabarmendu zuen.
«Literaturak, batez ere nobelak eta fikzioak, bere gain hartzen ditu ahots ezberdinak. Eta diskurtso historiografikoa baino egiazkoagoa da aniztasuna erakusten duelako, gizakiaren kontraesanak eta beldurrak agerian uzten dituelako». Urretabizkaiak ere zalantza egin zuen euskal gatazka bakarra ote dugun ala gehiago, eta azaldu zuen sailkapen bat egin duela zer eleberri argitaratu diren eta zer hamarkadatan zehaztuz. Horrek ez digu erraten, ordea, kopurua baizik. Ez digu erraten idazleen ikuspegia eta jarrera. «Hori gero egin beharreko lana» dela eta sinposio honek gurean jarraipena izan beharko lukeela agertu zuen idazleak. «Konstantzara noa nire iritziak aldatzeko asmoz», iragarri zuen, eta zergatiaz galdetuta, «behin-behinekoak direlako», erantzun zuen.