GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Hotz, hotz, atera kontuok!

Aspaldi batean, poetak plazatik kantuan zioen: «Ai, ene lor arin au, zein dudan larria! Besoek ez lan arren, biotzak nekeak... Ots! Ots! bizion oiñok...». Hotz!, hotz! bizion oinok, esango bide luke gaurkoan. Hau kolpea! kaka kolore eta usaineko ekonomiaren buru sutsuek planetako mundua beroketa globalerantz setati bultzatzen duten honetan negua gorri etorri zaigu munduaren hainbat moneta-zonatara; gure kasuan, kostaldeko berdea eta barnealdeko nabarra zuri utzita. Hotzak sikiera berdin hartu du Europa demontre horren erdia eta periferia, batean zein bestean kaletarrak modu berean kolpatu ez baditu ere. Baina, jakina, hori ez da hotzaren arazoa; hori makro-azpiegitura handi nahikorik eraikitzen ez duten agintarien arazoa da, hainbat etxegabe aterpe barik uzten dutelako, kale gorrian; izkina batean bero eske, eskale. Bai, beroketa globalera eraman beharko gintuzke, han, hor eta hemen eraman ere, artazien zorrotza oinarri duen sistema finantzario honek. Eta lehertzera ere, iparrean eta hegoan lehertu ere, nork bere lehergaia. Big bang soziala, bestelako unibertso bat posible egin behar dugulako; han, hor eta, batez ere guk, hemen. Atzoko haserreak ez du gaurko errota mugitzen.

Bitartean, hemengo politika ofizialean batzuk hasiak dira «ez ukitu sudurrak gero!» albokoari esaka, hauteskunde-abisu edo. Bai zera, zelan, bada, hotzaldi honetan politiko bati sudurrak ukitu, sudurzuloetatik behera, grabitatea lagun, izotz-kandelak jausten ari zaizkionean? Izotz berdea, jakina!. Amen. Bitartean ere, batzuek utzitako zuloak beste batzuek hartu dituztela dirudi, azken boladan administrazioan nonahi ageri baitira halakoak, eta, hauxe kolpea! beti hutsik!. Garai honetan gauzatu lezake ondoen bere esangura esaera zaharrak, politiko-klase horri bero-beroan zuzendua: atera kontuak!. Gauzak nolakoak diren, demokrazia zer honetan txotxongiloak bozkatzen dira, horiek mugitzen dituzten hari-jartzaileak sekula ere ez baitira bozkatzen, sekula hori santa izanda ere. Amen, berriro. Zubiak zubi, zubiak bihurtu dira egunotan askorentzat estalpe, Gabonetako hango jaiotzaren hemengo pareko, baina astoaren bero barik ... «etorri zaizkigu, sartu dira barrena...-gana eta eskaini diote arkumetxo bana!. Bai zera, gogorra gero batzuetan ametsetik esnatzea. Hotz!, hotz!, atera kontuok...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo