Maskaradarik ezean, bi proposamen artistiko sortu dituzte Zuberoan
Aurten ez da maskarada tradizionalik izanen. Hutsune hori betetzeko, Mixel Etxekoparek «Maskar» ikusgarria ekarriko du berriz plazara martxoaren 3 eta 4an, eta Xiberoako Ikastoletako Ikasle Ohien Elkarteak maskarada eginen du apirileko bost asteburuetan.
Idoia ERASO
Hutsetik sortzen da materia. Hutsak beldurra sortu du eta beldurretik loreak sortu dira, eta bat beharrean bi»; hitzokin azaldu zuen Mixel Etxekoparek aurten maskarada bertan behera geratu izanak Zuberoan ekarri dituen bi dinamika paraleloen sorrera. Xiberoako Ikastoletako Ikasle Ohiak (XIIO) elkarteko kide Joanes Etxebarriak hutsune horrek sorkuntzarako bidea ireki duela nabarmendu zuen: «Bientzat aitzakia izan da aurten maskaradarik ez izatea, ohikoaren aldean zerbait berritzailea egiteko».
Tradizio zaharrak aurten etenune bat izanen duela baliatuta, beste norabide batzuk hartu ditu herri kulturak. «Alde batetik, oso aberasgarria da gabeziak sortu duena. Tradizioa geureganatzen dugu, erakusten dugu ez dela fosilizatua, ez dela hila eta bizirik segitzen ahal duela», nabarmendu zuen ikastolako ikasle ohiak.
Denbora dute etsai orain bi proiektuek; epe laburrean hilabete luzeetako lana gauzatzea lortu beharko dute. Ikasle ohiek apirileko bost asteburuetan eginen dituzte emanaldiak, nahiz eta oraindik zein herritan izanen den ez den finkatua. «Maskar» ikusgarria, bestalde, martxoaren 3an eskainiko dute Urdiñarben eta 4an, Larrainen.
XIIOko kideek lehen mustrakak edo saioak egin dituzte. Egitasmoak bere sorreran lau kide izan zituen eta, egun, 30 bat elkartu dira. «Ikasle ohi anitz herrian integratuak dira, eta anitzek maskaradan parte hartu ez badute ere, gehienek kantariak edo dantzariak dira. Bestela ezinezkoa izanen zen bi hilabetetan maskarada muntatzea», azaldu zuen Etxebarriak. Laguntza teknikoa ere eskatu dutela gehitu zuen ikasle ohiak: «Gu joan gara Barkoxeko Patrick Gueheillerengana laguntza bila, eta bere iritzia eman digu; gero ere beste batzuk etorriko dira ongi prestatzen laguntzeko».
Xiru festibalaren baitan, Zuberoako kultura biziarazteko eta berrikusteko Mixel Etxekoparen gidaritzapean sortzen zen «Maskar» arte estudioa. Izenak aditzera ematen duen legez, Zuberoako antzinako tradizioaren berrikuspena da. Udan zenbait emanaldi eskaini zituzten, baina datorren martxokoek izaera berezia izanen dutela jakinarazi zuen sortzaileak: «Bizkarrezurra berdina izanen dute, maskaradak bezala, baina herriari eta garaiari egokituko zaizkio». Horretarako, Markinako Abarka taldeak antzeztuko duen zatia aldatu eginen da, esaterako.
Lan korala da «Maskar», horregatik aktore guztiak elkartzea izan da erronka handienetako bat: «Ander Lipus, Touloneko Par Alleles hip-hop taldea, Amaren Alabak, Bizkaiko aktoreak... guztiek beren proiektuak dituzte, eta denak elkartzea lan zaila izan da».
Biztanle gutxi, baina gogotsuak
Aurten Gamere-Zihigari zegokion maskarada antolatzea, baina gertakari larri baten ondoren, bertan behera utzi zuen. Hori ikusirik Urdatxek (Santa Grazi) antolakuntza berriz hartzea deliberatu zuen. Izan ere, 2011ko maskarada urdaxtarrek egin zuten, baina beste ezbehar baten ondoren aurreikusiak ziren hamabost emanaldietatik sei besterik ez zituzten egin iaz. Azkenean, Urdatxeko herriak lan eskerga zela-eta 2012ko maskarada ez antolatzea deliberatu zuen.
Maskarada antolatzea lan handia da, eta Zuberoan biztanleria txikitzen eta zahartzen ari da. 15.000 pertsona inguru bizi dira lurralde osoan. Aurten maskaradaren antolaketa hartu behar zuen Gamere-Zihigak ehun biztanle inguru ditu, eta lekukoa eman eta berriz hartu behar zuen Urdatxek horren bikoitza besterik ez du.
Horri euskaldunen kopuruaren txikitzea gehitu behar zaio, egun biztanleriaren laurdenak baino gutxiagok baitakite euskaraz. «Euskaldunak falta dira herrietan. Aspaldi da ez dela maskaradako talde oso bat euskalduna. Gure ekimenari esker, gutxienez erakutsiko dugu, Xiberoak nahi badu euskaraz bizi, bide bat ikastola dela», azaldu zuen XIIO elkarteko kideak.
Eremuz eta biztanle kopuruz txikia izanagatik ere, beren ohiturekiko atxikimendu handia dute zuberotarrek. Izan ere, biztanle gutxi izanagatik ere, urtero euskal kultura tradizionalaren bi erakusle handienak, maskarada eta pastorala, beren gain hartzen dituzte zuberotarrek. Txanponaren aurkiak bere ifrentzua duen bezala, lotura estu horrek berritasunak onartzeko zailtasunak ekar ditzake. «Oraindik ez dugu oihartzun handirik izan, baina Xiberoan ez delarik tradizioa errespetatzen, kritikak izaten dira, eta izanen dira», onartu zuen Etxeberriak ikasle ohiak egiten ari diren lanari buruz.