«Muturreko egoerak gainditzeko komuneko puntuak bilatuko ditugu»
«Hiltzeko jaio garen mugimendua gara, argi dugu hori». Igandean abiatu zen Herrira ekimenaren ontzia, presoak eta iheslariak etxeratzea ostertzean. Begi-bistan duten lehenengo kaia, muturreko egoerak jasaten dituzten presoak askatzea. ETAren erabakiaren ondoren ireki diren aukera guztiak baliatu nahi dituzte, adostasun esparruak garatuz. Urtarrilaren 7ko manifestazioak markatu zuen norabidea.
Ramon SOLA | DONOSTIA
Mugimendu berria eta berriztatzailea izan nahi du Herrirak. Nagore Garcia da jende andana biltzeko asmoz abiatu den ekimen honen kideetako bat. Nondik datorren Herrira, non dagoen, norantz doan eta noraino heldu behar duen azaldu dio GARAri.
Egin Dezagun Bidea ekimen arrakastatsua izan da azken boladan. Zergatik Herrira sortzeko jauzi berri hau?
Egia da Egin Dezagun Bidea sortu zenetik oso ekimen oparoa izan dela eta jendearekin kontaktatzea lortu duela, baina ikusten genuen ekimenaz harago joan beharra zegoela, ekimena tresnez hornitu beharra zegoela, eta mugimendu sendo bat sor zitekeela hortik abiatuta.
Urtarrilaren 7ko manifestazioak erakutsi zuen jende andana dagoela presoen alde kalera ateratzeko prest, baina ez agian erakunde zehatz batean parte hartzeko prest...?
Horregatik diogu herri mugimendua behar dela. Herrietan izan behar da indartsu, herriz herri errazago lor daitekeelako jendea inplikatzea, Bilbon izan zen jende andana hura guztia eta gehiago ere bai. Dinamika berri eta zabala da, beraz.
Batetik, orain arte presoen alde lan egin izan duen jendea erakarriko duzue. Parametro berri batzuen arabera lan egiteko zailtasunik ikusten al duzue? `Txip' aldaketarik behar al da?
Lehenik eta behin, Herrira ez dator aldez aurretik zegoen ezer ordezkatzera. Baina eredu berri bati erantzuten dio: jendartearen gehiengoaren aktibazioa bilatzen du. Herri mugimendua izanik, parte hartzailea izan behar du, eta herritar ezberdinek eman ditzaketen ekarpen ezberdinak bildu behar ditu. Aro politiko berri honek testuinguratzen du guztia, egoera honek ardura jendartearen gehiengoaren eskuetan jartzen baitu.
Esan nahi dut estrategia aldaketa nabaria gertatu dela eta presoen auzia konpontzeak lehentasun osoa hartzen duela orain. Hori barneratzeko arazorik izan al daiteke?
Paradigma aldaketa gertatu da, bai. Bukaerako elementu tekniko bat izatetik euskal jendartearen gehiengoaren behar bat izatera pasatu da presoen auzia, eta prozesua bera elikatzeko elementu bat gainera. Hori ulertuta, mugimendu berriaren funtsa ere ulertzen da. Horregatik, ezer baino lehenago muturreko egoerak konpondu behar dira. Egia da honek jendea beste plano batean jartzera behartzen duela, ez `makro' plano batean, gertuko plano batean baizik.
Bestalde, jende berria ere erakarri nahi duzue Herrira mugimendura. Esatea erraza da, baina nola lortzen da hori?
Harremanak zabaldu behar dira, herriz herri. Jendearekin hitz egin behar dugu eta jendeari eskaintzak egin behar dizkiogu, beti ere egin ditzakeen ekarpenei egokitutako eskaintzak. Dinamika freskoak izan behar dira, berriak, zabalak...
Bidea eman behar zaio jendeari. Urtarrilaren 7ari begira ere gertatu zen; harreman asko egin genituen eta nabaritu egin zen. Azken urteotan presoen aldeko dinamiketatik aldenduta zen jendea itzuli da eta beste batzuk hurbildu egin dira lehenbizikoz. Oinarrizko eskaerekin bat egiten duten pertsonak dira: Txus Martin aske gelditu behar dela, Iñaki Erro, Jose Mari Perez Txuri ere bai, gaixorik dauden gainerako guztiak, hiru laurdenak beteta dituztenak, zigorra luzatuta dutenak, errepideetan istripu gehiagorik nahi ez dutenak... Eskaera funtsezkoak eta argiak.
Hortik aurrera, konpromiso mailak ezberdinak direla argi dago, baina beti izango da zer edo zer. Moldeak berritzea, asmatzea, tokatzen zaigu, jende horri guztiari bide emateko.
Horietako batzuen beldurra izan daiteke: izena aldatu dela, baina izaera, agian, ez. Horrelakorik antzeman duzue?
Eredu berriak erantzuten dio horri. Parte hartzea eta zabaltasunak direla oinarri esaten dugunean, berez aldaketa dakar honek. Jendearekin konektatzea da helburu argia, azken hilabeteotan jende gehienaren nahia zein den nabari ageri delako. Ikuspuntu horretatik, Herrirak ez du inolako fiskalizazio lanik egiteko asmorik, ez eta inoren menpeko izan nahi ere.
Amnistiaren kontzeptua aipatzen duzue hasierako adierazpenean. Bereizketa egiten duzue, ordea, amnistiaren eta irtenbidearen artean. Nola azalduko zenuke hori?
Amnistia ipar gisa kokatzen du Herrirak, eta mugimenduak bere buruari jarri dion lana preso eta iheslariak etxeratzea da. Uste dugu honek indartu egiten duela prozesua eta hemen egon behar dutela prozesuan parte hartzeko. Baina era berean, gatazka konpontzea ezinbestekoa da, preso eta iheslari gehiago ez egotea bermatzen duen gauza bakarra hori delako. Ibilbide horretan planteatzen dugu guztiek etxera etorri behar dutela. Jendeak ez luke ulertuko jendeak espetxean segitzea edo iheslariek etxetik urrun jarraitzea. Gure aldarrikapena konponbide integralaren baitan kokatzen da.
EPPK-k hartzen duen posizioak, ezinbestean, Herrira-rena ere baldintzatzen al du?
Mugimendu hau ez da sartzen presoen eta iheslarien kolektiboak hartzen dituzten posizioetan. Eragile aktiboak dira biak eta beraiei dagokie beren hausnarketak eta erabakiak hartzea. Mugimendu honen lana beren eskubideen alde egitea da, muturreko egoeretatik hasita.
Txus Martin presoari, egoera larrian izanik ere, aske geratzea ukatu diote. Honelako erabakiek angustia puntu bat eragiten al dute? Herriraren kalterako al dira?
Gauza oso larriak dira, baina ezin dute angustia edo etsipena eragin. Zerikusi handiagoa dute PPren Gobernuaren egoerarekin. Esan dezakeguna da gauza horiek talka egiten dutela euskal jendartearen nahiarekin, eta ez bakarrik Bilbon agertu zen jendetzarekin, Euskobarometroaren emaitza ere hor dago... Blokeo estrategia hori mantentzen saia daitezke, baina gaia beren agendan dute eta presioa areagotzen joan da. Iraganeko posizioetan isolaturik uztea gure eskuetan dago.
Urte askotan ate asko jo dira presoen alde. Herrira tresna egokiagoa da berriro ate horiek jotzeko?
Ezin dira konparatu, testuinguruak eta garaiak oso ezberdinak direlako. Aukera nabarmenak ematen ditu, hemen eta nazioartean lan egiteko. Urtarrilaren 7koan ikusi zen hori eta oinarri sendoa dugula pentsatzen dugu. Hortik tiraka, ahalik eta adostasun gehien eskuratzea da asmoa. Oinarri horrek, gainera, hainbat eragileren posizioa aldaraztea ekarri duela ikusi dugu: PSE, Lakua eta PSF-rena batez ere.
Aldaketa hori aipatzen duzuela, adibide bat jartzeagatik, PSEk Donostian presoak hurbiltzearen aldeko mozioa aurkeztu du, baina aldi berean «damutze» kontuaren aipamena sartuz. Posible ikusten al du Herrirak komuneko lan esparrua sortzea?
Irekita gaude mundu guztiarekin harremanak abiatzeko, PSErekin eta guztiekin. Inplikazio ezberdinak bildu nahi ditugu, guztienak. Horretarako ez dugu erabateko adostasunik izan behar. Esaterako, komuneko puntuak bilatuko ditugu muturreko egoera horiek gainditzeko. Eta hori lortzen bada, posible izango da gero harremana sakontzea.
Euskal Herrian inoiz ez da izan horrenbeste erakunde euskal presoen eskubideen alde. Zer eskatzen diezue?
Bertatik egin daitekeena egitea eskatzen diegu. Plano horretan ere dinamikak aurrera eraman nahi ditugu, gaixorik dauden presoak askatzeko adibidez. Erakundeen inplikazioak erakutsiko du hau jendartearen gehiengoaren nahia dela, eta immobilismoan jarraitzen dutenak, ordea, jendartearen nahitik deskonektatuta daudela.
Begi-bistakoa da euskal presoen aurkakoa egun Europan gertatzen den bortizkeria politikorik handiena dela, baina errealitate hau apenas ezagutzen da Europan. Gabezia hori ikusten al duzue?
Nazioartean ahots propioarekin lan egiteko asmoa dugu: harremanak sustatu, inplikazioa aktibatu... Funtsezkoa da hortik ere presioa bideratzea. Epe motzean aurkezpen batzuk egingo ditugu Europako hainbat tokitan: Londres, Dublin, Berlin, Hanburgo, Suitza... Azken hilabeteetan foku nahikotxoa izan da Euskal Herriaren gainean, elkarrizketa eskari piloa izan da... Estatu espainolean egin beharreko lana ere oso garrantzitsua da.
Herrira sortu ondoren, non kokatzen dira Etxerat edota amnistiaren aldeko mugimendua...?
Herrira herri mugimendu bat da. Etxerat senideen elkartea da, eta testigantza eta salaketa lana egingo ditu, orain arte bezala; jakina, bere kideek Herriraren ateak parez pare irekita dituzte. Eta amnistiaren aldeko mugimenduko kideek ere lanerako esparru naturala dute Herrira mugimenduan.
Bukatzeko, animo aldetik nola ekin behar zaio presoak eta iheslariak etxeratzeko lanari? Gogoz, pazientziaz, premiaz...?
Ilusioz eta itxaropen guztiarekin. Horrela segitzen badugu, urratsak egiten, immobilismo hori gainditzea lortuko dugu. Aukerak badaude eta giltza gure esku dago.
Herrira, noiz arte?
Ahalik eta bide motzena izan nahi dugu. Hiltzeko jaio garen mugimendua gara, argi dugu hori. Noiz? Presoak eta iheslariak etxeratzen ditugunean, noski.
«Jendeari egin ditzakeen ekarpenei egokitutako eskaintzak egin behar dizkiogu: freskoak, berriak zabalak... Bidea eman behar zaio jendeari»