GARA > Idatzia > Euskal Herria

Azkoitian izandako suteak 13 bizilagun inguru etxebizitzarik gabe utzi ditu

Gauerdia pasata piztu zen sua Azkoitiko Kale Nagusiko 14. zenbakian. Suhiltzaileek eta Ertzaintzak eraikina hustu zuten, baita ondokoa ere. Sua itzalitakoan, Ertzaintza zaintza lanetan gelditu zen, baina goizaldeko bostak pasata sua berriro piztu, eta 2. eta 16. atarien arteko eraikinak hustu behar izan zituzten. Udalak larrialdi-protokoloa jarri zuen abian.

p021_f01.jpg

Ana ABARIZKETA | AZKOITIA

Gauerdia jota piztu zen sua Azkoitiko Kale Nagusiko 14. zenbakian, 00.30 aldera. Aurreneko hipotesien arabera, berogailu batek eraginda piztu zen sua. Suhiltzaileak eta ertzainak bertaratu, eta bizilagunak atera zituzten, 13 lagun inguru. Horiekin batera aldameneko eraikineko 10. zenbakiko bizilagunak ere aterarazi zituzten, 16 bizilagun inguru, teilatua kaltetuta zegoela-eta.

Suhiltzaileek sua itzalitakoan, Ertzaintzaren esku geratu zen zaintza lanak egitea. 5.20 aldera, ordea, berriz piztu zen sua, eta 2tik 16ra bitarteko etxebizitzak ere hustu zituzten. Ez zen zauriturik izan. Gehien kaltetutako etxebizitza egurrezkoa da eta garrak ondoko atarietara ere zabaldu ziren.

Azpeiti, Eibar eta Legazpiko suhiltzaile-etxeetako langileak eguerdira arte aritu ziren egitura hozteko lanetan.

Kaltetuetako batzuk, 15 bat lagun inguru, herriko Larramendi hotelera eraman zituzten; beste askok, ostera, gaua senitartekoen etxeetan igarotzea erabaki zuten.

Azkoitiko Udalak larrialdietarako protokoloa jarri zuen martxan. Pello Bastarrika alkatea albistearen berri izan bezain laster gerturatu zen suak hartutako tokira. Eguerdian, Udaleko ordezkari eta teknikariek bilera izan zuten, asteburuan urgentziaz hartu beharreko neurriak zehazteko, eta horren ostean, arratsaldeko lauretan, kaltetutako bizilagunekin bildu ziren udaletxean, Esther Lizarralde alkateordeak jakinarazi zuenez. Bien bitartean, udal teknikariak eta perituak eraikinen egoera aztertzen aritu ziren egun osoan zehar.

Bilera horretan, eraikinak zein egoeratan dauden jakinarazi zieten herritarrei, eta hartutako neurrien berri eman. Horren ondotik, 10. eta 14. zenbakietako bizilagunak izan ezik, beste guztiak euren etxeetara itzuli ahal izan ziren egunak aurrera egin ahala.

Gehien kaltetutako etxebizitzei dagokienez, 14. zenbakikoa erortzeko zorian dagoen eraikin gisa katalogatu dute, aurreko fatxada soilik gelditu baita zutik, beste guztia erorita dago. 10. zenbakiko eraikina berriz, urez beteta dago eta ikusteko dago berrerabili ahal izango ote den eta, hala izatekotan, noiz bueltatu ahal izango diren bizilagunak.

Azkoitiko Udalak jakinarazi duenez, bihartik aurrera neurri zehatzagoak abiaraziko ditu. Gertatutakoaren balorazio zehatzagoa egiteko unea izango da hori.

Azken egunetan beste hainbat tokitan ere izan da suterik, guztiak etxebizitzetan. Ostegun gauean gertatu ziren azkenak, Donostian, Irunen eta Sopuertan, hain zuzen. Sute horietan ere ez zen zauriturik izan, kea arnastearen ondorioz hainbat bizilagun ospitalera eraman behar izan bazituzten ere.

bilerak

Eguerdian larrialdiko bilera egin zuten udal ordezkari eta teknikariek, asteburuari begira hartu beharreko neurriak aztertzeko. Arratsaldeko lauretan, berriz, kaltetutakoekin batu ziren udaletxean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo