Iñaki Lasa Uztariz Kontseiluko ildo politiko-instituzionaleko arduraduna
Egina dago
Kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideen dekretutik euskaraz ez erantzuteagatik aurreikusitako isunak kentzeko proposamena defendatzen zuen Vicente Reyes PSEko legebiltzarkidearen «Adostasun zabalagoekin euskara gehiago» artikuluari erantzuten dio egileak. Hizkuntza-politikaren funtsa progresibitatea dela behin eta berriro aipatzea salatzen du, «noizko zer» lortu behar den jotzen baitu politika egokiaren printzipio zuzentzailetzat. Bestetik, PSEk dio arautzea ez dela egokia, baina egileak argitzen du gaztelania «konplexurik gabe» arautzen dela. Hizkuntza-politika berez egiten dela dio; hau euskararen aldekoa izatea, aldiz, oso bestelakoa da, errealitatetik haragokoa. Gizarte-espazioak euskalduntzearen beharra azpimarratzen du, eta hala egiten ez duten enpresetan eragitea, «euskaldunon dirua» non gastatu erabakiz.
Kontsumitzaile euskaldunon hizkuntza-eskubideak sistematikoki urratzen segituko dute eta urraketa horrek ez du babes juridiko eragingarririk izango. Horixe da eta ez besterik, Eusko Legebiltzarrean hartu zen erabakiaren ondorioa. Alderdi sozialistak euskararen kontrako tamainako erasoa burutzeko erabiltzen dituen argudio nagusien inguruko hausnarketa egitea da artikulu honen xede nagusia,Vicente Reyes jaunak otsailaren 8ko iritzi artikuluan plazaratutakoari erantzunez.
Hizkuntza-politikaren funtsa progresibitatea dela argudiatzen dute behin eta berriro. Hizkuntza baten normalizazio prozesua beti da progresiboa, definizioz da progresiboa, baina hizkuntza-politikak epe eta helburu zehatzak izan behar ditu. Hau da, noizko zer lortu behar den politika egoki baten printzipio zuzentzailea da. Hori horrela egin ezean, nora eza nagusitzen da.
EAEn euskaren normalizazioarekin zerikusia duen arautegian kasu bakarrean erabiltzen da printzipio hau, hau da, zikiratu berri duten dekretuan. Lehen inkesta soziolinguistikoa egin zenetik, 1991tik, alegia ezagutzan izan dugun hazkundearen proiekzioa eginez, ia 200 urte beharko lirateke ezagutza unibertsalera iristeko. Gauza bat da progresibitatea eta beste bat, oso desberdina, progresibitatearen kontzeptua erabiltzea euskararen normalizazioa eragozteko; izan ere, denbora faktoreak kasu guztietan hizkuntza gutxiagotuaren kontra jokatzen du. Euskararen normalizazioak helburu eta epe zehatzak behar ditu hala nola, ebaluazio zorrotza ere bai.
Arautzea ez dela egokia diote sozialistek Vicente Reyesen ahotik. Borondatea eta sustapena dira bidea, baina, badaezpada ere, gaztelania ezagutu beharrekoa da Konstituzioaren aginduz. Espainiako nazionalitatea duen herritarrak ezin du argudiatu gaztelania ez duela ezagutzen, hori bai, katalanek beren estatutu berrian katalana ezagutu beharrekoa zela idatzi eta erreferendumean onartu zutenean, artikulua kendu behar zen inposizioa zelako. Hori gutxi ez-eta, Plataforma per la LLengua-ko lagunek egin zuten lan bikainean gaztelania ezartzen duen 500 arau bildu dituzte, horietako asko alor sozioekonomikoari begirakoak, etiketak eta beste.
Euskararentzat ezin da, baina, gaztelania konplexurik gabe arautzen da. Ez dugu ikusi inoiz Vicente Reyes jauna neurri horien kontra inolako iniziatiba parlamentariorik hartzen.
Garbi esan nahiko genuke, hizkuntza-politika saihestu ezina dela, beti egiten dela. Gaizki ohituta gaude Euskal Herrian, oraindik ere jende askok pentsatzen du hizkuntza-politika euskararen aldekoa bakarrik dela. Ezer ez dago errealitatetik harago, euskararen aldekoa ez denean, gaztelaniaren hegemoniaren aldekoa da hizkuntza-politika. Euskara ez dakien sailburua hautatzea hizkuntza-politika da, hiru urte pasatuta jario onargarriz hitz egiteko gaitasunik ez duen lehendakari bat izatea ere hizkuntza-politika da, eta adibidez, euskalduntzen ez duten irakastereduak indarrean edukitzea, horrela legea betetzen ez dela jakinda, hori ere, hizkuntza-politika da.
Merkataritza jarduerako gaiak ezin ditu Administrazioak arautu, pertsonen arteko alorrak dira-eta. Pertsonen arteko harremanak ezin omen ditu Administrazioak arautu, baina Kanarietako Maspalomasen, esate baterako, 1.500 euroko isunak ezartzen dira gaztelania ez erabiltzeagatik.
Administrazioak ahal du edo ezin du arautu alor sozioekonomikoko establezimenduetan nola hitz egin behar den? Borondatea behar da horretarako, sozialistek ez dutena ez dutelako euskara normalizatu nahi eta euskaldunon hizkuntza-eskubideen urraketa sistematikoak berdin dielako. Zehapenak ez dira tresna bat besterik, giza-eskubideak diren hizkuntza-eskubideak babesteko. Zehapenik gabeko araua diskurtso hutsa da inor lotzen ez duena eta ondorio praktikorik izango ez duena.
Bestalde, oso eztabaidagarria da dekretuak bere barruan biltzen dituen enpresak pribatuak ote diren, izan ere, kudeaketa pribatua izan dezakete, baina, zerbitzu publikoa eskaintzen dute. Gogoan izan dezagun erregai hornitzaileak, garraio enpresak, gainazal handiak, telekomunikazio enpresak dirutza irabazteaz gain, administrazioen laguntzak jasotzen dituztela eta zerbitzu publikoa eskaintzen dutela. Zinismoan murgiltzen da Vicente Reyes jauna dekretuaren aldaketa argudiatzeko lanpostuak galduko zirela esaten duenean. Enpresa horiek ez dute zailtasunik dekretua betetzeko; gainera, Vicente Reyes jaunak ez daki betetzen ote duten ala ez Eusko Jaurlaritzak ez baitu inoiz aztertu betetze maila. Azterketa bakarra Kontseiluak egindakoa da eta garbi ikusten da enpresa batzuek ahalegina egin duten bitartean beste batzuek ez dutela egin; beraz, ez da zailtasun arazoa, borondate arazoa baizik.
Hizkuntza paisaia, informazioa erregula daitekeela dio Reyesek baina ez aurrez aurrekoa. Bi urteko epean enpresek honako hau ziurtatu behar zuten: kartel edo errotuluetan ageri den informazioa, katalogoak, inprimakiak, kontratuak, abonatuen gidak, telefono publikoetan agertzen den informazioa, txartelak, informazio elektronikoa... 30 urte enpresa horiek seduzitzen eta dirua eskaintzen pasatu ondoren ez badira gauza eskubideak babesteko jakin nahi dugu zer egingo duen alderdi sozialistak hor esaten direnak bermatzeko.
Azkenik, diskurtsoa borobiltzeko, belaunaldi berriak naturaltasunez erabiliko dutela euskara lan munduan kontatzen digu Reyes jaunak. Hala ere, jakin badaki hori ez dela posible izango. Bere alderdia da euskalduntzea lortzen ez duten irakastereduen defendatzaile nagusia, euskara ikasi nahi ez duten irakasleen babeslea. Nola hitz egingo dute belaunaldi berriek euskaraz lan munduan hezkuntza-sistemak ez baditu euskalduntzen? Reyes jaunak jakin beharko luke pertsonek ez dituztela espazioak euskalduntzen ez bada horretarako hizkuntza-politika eragingarria abiatzen.
Gaur egun, gizarte espazioek norbanakoak erdaldundu egiten dituzte, euskara erabiltzea etengabe, sistematikoki eragotzita gaitasun komunikatiboa galtzen delako. Gizarte-espazioak euskaldundu ezean ez dago aurrera egiterik euskararen normalizazioan eta horregatik, hain zuzen ere, egiten du Reyes jaunak ordezten duen alderdiak dekretuaren kontra.
Konpromisoa behar dugu, gardena, dudarik gabea, euskara normalizatu nahi duten indar politikoen aldetik hizkuntza-politika berria eta eragingarria abian jartzekoa. Bitartean, herritarron esku egongo da enpresa horiei eragiteko aukera kontsumitzaileak garen aldetik, gure dirua non gastatu nahi dugun erabakiz.