Gasteiz eta Iruñea, murrizketen dinamikari eutsita
Gasteizko Ekonomia sailburu Carlos Aguirrek EAE atzeraldian sartzeko arriskuan dagoela esan zuen atzo eta, jarraian, inbertsioetan eta gastu arruntean murrizketa gehiago egitea ez duela baztertzen. Kezkagarria da Aguirreren iragarpena, gastu murrizketak batez ere nor kaltetu ohi duten jakinda. Kezkagarria da, halaber, Nafarroako Gobernuarena, Gasteizkoak egin bezala, berak ere langileen gastuak murrizteko asmoa baitu. Kezkagarria, langile publikoentzat eta kezkagarria, oro har, zerbitzu publikoen erabiltzaileentzat, horien kalitatea kaskartuz doala ikusiko baitute. Administrazioek tematuta dirudite gastu murrizketan, krisiaren aitzakian; tematuta dirudite jardun ekonomikoa piztu eta langabeziari aurre egiteko balio omen duten neurriak ezartzen, orain arte neurri horiek helburu horietarako alferrikakoak izan direla ikusita ere. Izan ere, adierazle ekonomiko guztiak atzeraka doaz, neurri horiek gorabehera. Gasteizko eta Iruñeko agintariek, ordea, Madrilek ezarritako dinamikari jarraitu baino ez dute egiten, erabaki propioak hartzeko aukera mugatuari euren gaitasun eskasa gehituz, baina noren aldeko politikak ezartzen dituzten argi utziz; izan ere, Gasteizek eta Iruñeak egindako eta egingo dituzten murrizketak langileen baldintzak eta herritarren oinarrizko zerbitzuak, inoiz baino beharrezkoagoak direnean, kaskartzen ari dira.