Ledeako zubia aurten konponduko duela esan du Anai Astizek
GARA | IRUÑEA
Iruñea-Jaka autobidea eraikitzeko lanen ondorioz kaltetua izan zen Ledeako zubia konpontzeko konpromisoa hartu du Nafarroako Gobernuko Herrilan arloko sailburu Anai Astizek, horretarako 600.000 eta 800.000 euro bitarteko aurrekontua erabiliko dutela gaineratuz.
Hasiera batean, autobideko lanengatik hondatu bazen ere, zubia ez zuela konponduko iragarri zuen Nafarroako Gobernuak urtarrilean, krisi ekonomikoa aitzakiatzat hartuz.
Zubia ez konpontzeak arazo larria sortzen zien Ledeako biztanleei, kamioiak ezin zirelako bertatik pasa eta buelta handia eman behar zutelako. Horrez gain, gasolindegi eta ostatuko lanpostuak kolokan jartzen zituen horrek. Hori dela-eta, mobilizazioak egin zituzten.