GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander GARRO Idazlea

Orekaren okerra

 

Zinez garenaren eta gutaz irizten dugunaren arteko aldea handia ei da. Geure burua ezagutzeko gomendioak entzungo ditugu, geure garunek gida turistikoak beharko balituzte bezala: hemen amarekiko maitasun zapuztua, hemen aitaren zaplaztekoa, hemen uzkiarekiko lilura. Minak garraztu egiten gaitu, eta ez gara marmar itsusi hori ezkutatzen ibili zale. Baina gero Frantziara joaten gara, eta hango manerekin txoratuta itzultzen gara: «Haiek daukate jendetasuna!». Hitz gozoak besterik ez dituzte, ezin ukatuko dugu, ekintzetan, zakur zaharrak izanagatik, oporretara abiatu orduko zure lurzorua (etxea eta amona barne) salduko luketen horiek. Geu, ordea, dendara sartu eta zaunka egitearekin konformatzen gara. Zaunk, ogi bat, zenbat da? Europa amets batean geratu zen, eta orain, euroaren deflagrazioarekin, zer esanik ez. Nahiago Afrikara begira, han piratak dituzte, burdinak etsaiari aurre egiteko, eta tximinoek ere badakite fusila erabiltzen. Bada zerbait. Ez, ez gara maneratan galdu zale eta, hala ere, psikologoek «lotuta» gaudela esaten digute, geure basa konplexuetatik libreago behar genukeela. Demasa da. Ez gara aurrekoari suzko begiradak bota gabe ilara batean egoteko adina zibilizatu, eta psikologoek ia viktoriar garela esaten digute, bihotz almidonatuak ditugula; zer nahi dute, kale erdian kaka egiten hasi gaitezen? Ezin da ulertu. Nire eguneroko herra are gehiago askatzeko manerak imaginatzen hasten naizenean, derrigor imaginatzen dut neure burua oilaskoa lepatzeko labana eskuan hartuta, kalean gora eta behera korrika (ezin ditut barre txikiak saihestu). Baina hori gehiegizkoa da, laster izango nuke polizia bere armateria guztiarekin atzetik. Non dago, bada, oreka? Non dago, bada, okerra?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo