Neuronak laborategietan haziko dituzte, alzheimerra eta parkinsona tratatzeko
Ama zeluletatik abiatuta, neuronak laborategian haztea dute helburu CIC nanoGUNE eta Inbiomed zentroek. Erronka berriz, gaixotasun degeneratiboek burmuinean kaltetutako lekuetan aplikatzea da.
Oihane LARRETXEA | DONOSTIA
Parkinsona eta alzheimerra bezalako gaixotasunen inguruko ikerketek ez dute etenik. Hain zuzen, CIC nanoGUNE eta medikuntza birsortzailean lan egiten duen Inbiomed Fundazioak hitzarmen bat sinatu zuten atzo Donostian. Elkarlanean, ama zeluletatik abiatuta lortutako neuronen ekoizpena hobetzea aztertzeko helburua izango dute, nanomaterialekin duen interakzioaren bidez. Gaixotasun hauek nerbio sisteman eragindako kaltea arintzeko aurrerapauso bat izan daiteke, hauen sendabideari ate bat irekiz.
Inbiomedeko gaixotasun degeneratiboen programako koordinatzaile Rosario Sanchezek adierazi zuen gainditu beharreko zailtasunetako bat dela gaixoaren ama zeluletatik abiatuta, neurona berrien kultibo edo hazkuntza bermatzeko egitura egokia lortzea. Ikerketak helburuak lortuko balitu, egitura horrek burmuinaren barruan existitzen diren neuronen baldintzak berreraikiko lituzke, neurona berriak modu egokian bizi eta garatu ahal izateko.
«Gaur egun zientziari esker nahiko erraza da ama zelulen bidez neuronak eskuratzea. Hala ere, neuronak oso konplexuak eta bizitza luzekoak izan arren, eta gure organismoan urte luzez bizirik mantentzen diren arren, oso zaila da laborategietan denbora luzez bizirik mantentzea», erantsi zuen proiektuan parte hartuko duen Sanchezek.
Gaur egun, gehienez, bi edo hiru aste mantendu daitezke bizirik neuronak laborategietan. «Arazoa honakoa da -jarraitu zuen-, ez daukagula ingurune aproposa bere baldintza zehatzekin neurona horiek kultibo xaflan hazi ahal izateko». Hain zuzen, hor kokatuko litzateke nanozientziaren egitekoa, alegia, honen bidez neuronak modu egoki eta eraginkorrean garatu ahal izateko ingurunea sortzea.
Neuronak behar bezalako baldintzetan hazi ondoren, Inbiomenden erronka honakoa litzateke, hauek burmuinean, parkinsona edo alzheimerra bezalako gaixotasunek kaltetutako lekuetan aplikatu ahal izatea, eta sufritu duten gune horietan funtzionaltasuna berrezartzea.
Alexander Bittner ikertzaileak zuzenduko du nanoGUNEko Automuntaketa taldea. Bertan material naturalekin egingo dute lan, proteina puruekin eta polimerorik gabe. Hau da, burmuinaren barruan dauden berdin-berdinak, haztegi batean bezala neuronak kultibatzeko.
Ehunen ingenieritza
Ikerketa esparru honi ehunen ingenieritza deritzo, eta ehunak eta organoak sortzea ahalbidetzen du. «Gaur egungo gizartean eskaera oso handia da, izan ere, biztanleria gero eta zaharragoa da eta kaltetutako ehunak osatzeko teknika berriak behar ditu etengabe», adierazi zuen Inbiomedeko presidente exekutibo Gurutz Linazasorok. Bere aburuz, esparru honen erronka handiena nerbio sisteman datza, hori berreraikitzeak «zailtasun handiak aurkezten baititu».
Dagoeneko abian den proiektuak bi urteko epea du eta ordurako emaitza bat edo beste espero dute. Hala ere, gogorarazi zuten ikerketa zientifikoetan ezinezkoa dela zehatz-mehatz aldez aurretik zer gertatuko den aurreikustea. Oraingoz, bost zientzialari ari dira lanean eta zentro bakoitzaren aurrekontua 100.000 eurokoa da.
Nanozientzia XXI. mendeko hazkuntzaren motoretako bat dela defendatuz, Linazasorok erantsi zuen halako ikerketak gaixoaren bizi kalitatean ez ezik, bere familiarenean ere onurak ekarriko dituela